Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu maitzaren 30erako, ostegunerako, antolatutako greba orokorraren harira. Garraio zerbitzuan %30eko gutxieneko zerbitzuak izango dira, Euskotrenen, Bilboko metroan, tranbietan, autobusetan nahiz itsasontzietan. Autobideetako ordainsarietan, jaiegunetan bezala lan egingo da, baina garraio handieneko orduetan, %30eko langile kopurua bermatuko da. Gasolindegietan, %20koa izango da gutxieneko zerbitzua.
Osasun zerbitzuei dagokienez, Jaurlaritzak erabaki du jaiegunetan egon ohi den langile kopuruak egon behar duela. Lehen arretan, larunbatetakoa adinako lantaldea izango da. Larrialdietan, berriz, zerbitzu guztiak eman beharko dituzte. Osasun arloko garraioan ere zerbitzu guztiak bermatu beharko dira larrialdietan, hemodialisi tratamendua jasotzeko eta ospitale onkologikoetarako garraioetan, baita ospitale batetik bestera eramateko zerbitzuan ere.
Hezkuntzan, publikoan zein pribatuan, ikastetxe bakoitzean zuzendaritzako pertsona bat eta irakasle bat egon beharko da sarrera bermatzeko. Haurreskoletan ere koordinatzaile edo atezain batek joan beharko du gutxienez, baita Musikenen eta udalen menpeko musika eskoletan ere.
Larrialdietako zerbitzuek, SOS Deiek eta suhiltzaileek esaterako, jaiegunetan bezala aritu beharko dute lanean. Ospitale geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, langileen erdiak egongo dira zuzeneko arreta zerbitzuan, eta kopuru hori %10 handituko da janorduetan. Adingabeen zentroetan astegunetako lantaldea bermatuko da, eta mehatxupean bizi diren pertsonen zaintzarako zerbitzuetan ohiko langileen erdiek joan beharko dute lanera. Argindar, gas eta ur horniduran jaiegunetan bezala funtzionatuko dute, eta EITBk albisteen emisioa soilik bermatu beharko du.
Jaurlaritzaren esanetan, gutxieneko zerbitzuak grebarik egingo ez duten langileekin eskaintzen saituko dira.