Alor publikoko greba

Osteguneko grebarako gutxieneko zerbitzu «erabat gehiegizkoak» salatu dituzte sindikatuek

«Koronabirusa aitzakia gisa» erabiltzea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari, «alor askotan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko». Lan eta Enplegu Sailak agindua «bakarrik gazteleraz» bidali diela adierazi dute.

Donostia. Sektore publikoko ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESKren kontzentrazioa, apirilaren 15ean, etziko grebari begira. ANDONI CANELLADA / FOKU
2021eko apirilaren 20a
18:54
Entzun

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek gogor salatu dituzte ostegunerako alor publikoan deitu duten grebarako Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak. «Langile asko grebarako oinarrizko eskubiderik gabe» utzi dituztela adierazi dute. Helegitea jarriko diete neurriei, grebarako eskubidea urratzen dutela iritzita.

Sindikatuek gogoratu dute grebarekin «zerbitzu publikoen defentsa» egin nahi dutela, enplegu publikoa sortzearen eta behin-behineko langileak behin-betikotzearen alde.

Salatu dutenez, Lakuak «izurria aitzakia gisa erabili du alor eta zerbitzu askotan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko». Salatu dutenez, eremu horietan larrialdiari aurre egiteko langile gehiago jartzeari ezetz esan izan diote erakundeek azken hilabeteotan. Grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak «inoizko handienak» direla gaineratu dute, eta hausnarketa hau egin dute: «%100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzeak esan nahi du normalean zerbitzu horiek egiten dituen lan taldea ahal den txikiena dela, hau da, urte osoan egiten dela lan gutxieneko zerbitzuetan». Gaineratu dutenez, ezarritako gutxieneko zerbitzu batzuetan, egunero lan egiten duen taldean baino langile gehiago egongo dira.

Jaurlaritzak «greba oztopatzeko eta ezkutatzeko eta normaltasun itxura emateko» asmoa duela salatu dute. Horrez gain, Lan eta Enplegu Sailak agindua «bakarrik gazteleraz» bidali diela adierazi dute. «Oso larria da hori, geure herrialdearen hizkuntza eskubideak urratzen dituelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.