Kutxen bateratzea

Ostiralean hasiko dira kutxak bateratzea bozkatzen

BBK-k, Kutxak eta Vitalek bateratzeko akordioa adostu dute Bildurekin, eta jabetza publikoa bermatzeaz gain, gizarte ekintza denboran mugarik gabe bermatu dutela azaldu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Kutxekin adostutakoa Bilduren "garaipen handi bat" dela adierazi du. Eusko Legebiltzarreko Mahaia bat-egiterako tramitazioan hasi da.

2011ko irailaren 13a
19:56
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrezki kutxen bateratzea ahalbidetzeko akordioa egin dute BBK, Kutxa eta Vitaleko ordezkariek eta Bilduk. Hiru kutxen administrazio batzordeek eta batzar nagusiek onartzea faltako da soilik akordioa erabat gauzatzeko, eta bat-egitea bozkatzen hasiko dira. Ostiralean BBK-k eta Vitalek egingo dute, eta Kutxak hilaren 23an egingo du. Halaber, Eusko Legebiltzarreko Mahaia bat-egiterako tramitazioan hasi da.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak kutxekin adostu duten akordioaren balorazioa egin dute gaur goizean, eta banku baten eredua gustukoa ez dutela esan ondoren, Garitano harro agertu da adostutakoarekin: "Biduren lorpen handi bat da". Akordioak diputazioaren eta Donostiako Udalaren botoak lotzen ditu.

Garitanok aurreratu duenez, akordioan entitate berriak, Kutxa Bankek, jabetza publikoa izango duela bermatu dute. "Ezin da onartu gipuzkoar guztiona den ondarea esku pribatuetara pasatzea". Akordioan adostu dutenez, irabazien %30 beti bideratuko da Gizarte Ekintzara eta ez hasieran aurreikusi bezala, soilik lehen hiru urteetan. 

Atzo Mario Fernandez, Carlos Zapatero eta Xabier Iturbe kutxetako presidenteak Bilduko ordezkariekin bildu ziren, eta bilera horretan jarri ziren ados. Adostutakoaren arabera, Kutxa Bankeko langileek eurentzat erabakitzen duten lan esparrua errespetatuko du entitate berriaren zuzendaritzak.

ELAk, hain zuzen, langileen artean zer lan esparru izatea nahi zuten galdetzea proposatzen du.

Bat-egiteak lehenagotik ere bazuen EAJ, PSE-EE eta PPren babesa, baina horiekin BBKn eta Vitalen onespena ziurtatua bazuen ere, Kutxan ez zen horrela. CCOO sindikatuak eta Hamaikabatek ere alde bozkatuko dutela iragarri dute. Garitanok, ordea, esan du berak ez dakiela akordio horrek LABen eta Banatuz-en botoak lotuko dituen.

Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesarekin Kutxan praktikan bateratzeak aurrera egingo duela bermatuta dago. EAJk, PSE-EEk, PPk, H1ek eta Alternatibako bi kide ohik 58 boto gehitzen zituzten, eta horiei orain EAko hiru eta ANVko zortzi gehituko zaizkie. Gainera, Banatuz plataformaren eta LABen botoak ere gehitu ditzakete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.