Ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatibak otsailaren 11rako "aldaketa sozialaren aldeko eta erreforma liberalaren aurkako" manifestazioak antolatu dituzte. Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Bilbon izango dira, Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku lelopean. Burujabetza politiko eta ekonomikoa aldarrikatuko dute.
Gaur eman dute ekimenaren berri Maribi Ugarteburu eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideek, Maite Sarasua Aralarreko zuzendaritzakideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Oskar Matute Alternatibak bozeramaileak, Bilbon.
"Hartzen ari diren murrizketa neurriei 'aski da' esateko garaia da", haien arabera. "Merkatuen diktadura" dagoela iritzi diote, eta Espainiako Gobernuak neurriekin "zentralizazio prozesua" abian jarri nahi duela ere bai.
Eragile sozial eta sindikalek otsailaren 4rako deitutako mobilizazioei atxikimendua agertu diete ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatibak, baita egun horretan Donostian "azpiegitura handien" aurka egingo den manifestazioari ere.