Hego Euskal Herriko administrazioek 313 enplegua erregulatzeko espediente onartu dituzte otsailean, iazko epe berean baino zortzi gutxiago (-%2,6). Dosierrek kaltetutako langileen kopuruaren bilakaera are nabarmenagoa izan da, %126,5 jaitsi baita urtebetean, 14.924 lagunetik 6.588ra. Urtarrileko datuekin alderatuta, berriz, erregulazioek okerrera egin dute, %24,7 hazi baitira. Espedienteek kaltetutako beharginen kopuruak ere egin du gora (%43). Gehienei kontratua aldi baterako eten diete.
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak 256 erregulazio eskaera jaso ditu otsailean. Horietatik, 247 baimendu, eta bi ezeztatu ditu. Gainerakoetan, enpresek atzera egin dute eskaerekin. Onartutako dosierren artean, bestetik, 46 «ezinbesteko kasuak» izan dira, arrantza sektoreko gorabeherak direla medio. Erregulazioek 4.782 langileri eragin diete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «ezinbesteko kasuetako» beharginak 654 izan dira. Beste 2.829 langile bigarrenez aurkeztutako dosierren menpe daude. Espediente berriak, hartara, 112 direla nabarmendu nahi izan du Lan Sailak, duela urtebete baino %48 gutxiago. Dosier horiek 1.229 beharginei eragin diete, (-%88). 2009ko otsailean Gasteizko Mercedes lantegiaren erregulazioa baimendu zuen Gobernuak, besteak beste.
Nafarroako Gobernuak, bestalde, 66 enplegu erregulazio kudeatu ditu otsailean. Gehienak (64) kontratuak aldi baterako eteteko eskaerak izan dira, eta 1.784 langileri eragin diete. Gainerako biek, 22 langileen kaleratzea ekarri dute. Lan Sailak baimendutako hamar erregulaziotik bederatzi baino gehiago enpresaburuen eta langileen ordezkarien artean adostutakoak izan dira. Bost baino ez dituzte onartu alde bien arteko akordiorik gabe.
Otsailean 313 erregulazio dosier onartu dituzte, eta 6.588 langileri eragin diete
Espediente berriak aurreko urtean baino %48 gutxiago izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu