Etxe saltzaileek badute itxaropena aurten merkatua suspertzen hasteko. Haien arabera, hainbat ikerketak erakusten dute finantza erakundeek berriro ere irekiko dutela zertxobait maileguen iturria. Ondorioz, erosteko pausoa eman ahal izango dute lehen hipotekarik lortu ezin zuten bezeroek. Urte hasierako datuek, ordea, ez dute saltzaileek desio duten testuinguru hori erakusten.
INE estatistika erakundearen arabera, otsailean 1.450 hipoteka sinatu dira batez beste, 2013an epe berean baino %24,6 gutxiago. Urtarrilean ere %42koa izan zen urte arteko jaitsiera. Batez beste, 111.396 euroren maileguak utzi dituzte finantza erakundeek. Iazko otsailean, 126.408 eurorenak izan ziren hipotekak, %12 handiagoak.
Sortutako hipotekei buruzkoak ez ezik, ezeztaturikoenak ere eman ditu INEk. 1.264 izan dira, 2013an baino %10,5 gutxiago.
Oso hipoteka gutxi adostu dira interes tasa finkoarekin. Hego Euskal Herriko daturik ez du zehaztu estatistika erakundeak, baina Espainian %93,3 interes tasa aldakorrekin izan dira —horietatik hamarretik zortzi Euriborrarekin—, eta %6,7 finkoarekin. Batez besteko interes tasa %4,11koa izan da etxebizitzetan.