Leaf Business Holdings enpresak (LBH) Zaratamon (Bizkaia) duen lantegia, Outokumpu izandakoa, ixteko aurreakordio bat mahai gainean dagoela salatu zuten atzo ELAk eta LABek. Bilbon eginiko agerraldian, langileak «saltzea» leporatu zieten UGT, CCOO eta LSB sindikatuei, 170 lagun kaleratzea onartu dutelako. Aurreakordioa, gainera, gehiengo sindikalari «ezkutatuta» negoziatu izana gaitzetsi zuten eta, horregatik, legez kanpokoa dela gogorarazi zioten zuzendaritzari.
Lantegia iazko irailaren 18az geroztik itxita dago, konkurtso legea indarrean hasi eta hiru egunera jarduerarik gabe utzi baitzuten, sindikatuen arabera. Lantegia itxi izana ukatu zuen enpresak, «etenaldian» zegoela eta «etorkizuna izan» zezakeela ziurtatu zuen orduan.
ELAk eta LABek ezezko erantzuna eman diote zuzendaritzak aurkeztutako erregulazio dosierrari, egungo 280 beharginetatik bi heren inguru kaleratzea dakarrelako. Une honetan, Outokumpun enpresabururik ez dagoela diote sindikatuek eta, egungo zuzendaritza, Zaratamoko lantegia ixteko besterik ez dagoela salatu zuten atzokoan.
2009an enplegua erregulatzeko behin-behineko dosierra aurkeztu zuen enpresak; baina, horren ostean, konkurtso legean sartu zirela gogorarazi zuten. Hurrengo urratsa, berriz, aldi baterako espedientea «ezkutatutako itxiera bihurtzea izan da».
Enpresaren «xantaia»
ELAren eta LABen ustez, dozenaka behargin kaleratzeko asmoz aurkeztutako dosierrarekin «xantaia» egin nahi die zuzendaritzak langileei. Izan ere, kaleratzeak onartzen ez badituzte konpainiak Liejan (Belgika) duen lantegitik ekoizpena Zaratamora ez ekartzeko mehatxua egin die, sindikatuen arabera.
Langile gehienek jarduerarekin aurrera egin nahi dutela dio enpresako gehiengo sindikalak, eta, halaber, oraindik ere erregulazioen legeak ezarritako kontsulta garaian daudela gogorarazi dute. Lantegiaren bideragarritasuna aztertze aldera, bestalde, behin-behineko erregulazioa proposatu zuten.
Outokumpu ixteko aurreakordioa dagoela diote ELAk eta LABek
Zaratamoko lantegitik 170 lagun kaleratzea onartu izana leporatu diete CCOO, UGT eta LSB sindikatuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu