Finlandiako Outokumpu enpresa Zaratamon (Bizkaia) daukan lantegia ixteko bidean egon daiteke. Hori salatu du, behintzat, langile batzordeak. Haren arabera, lana Zaratamotik Liejara (Belgika) eraman du enpresak, eta, erabaki hori dela eta, azken aldian lanik gabe daude. Horrek ondorio are eta larriagoak ekar ditzakeela aurreikusi du, Bizkaiko lantegiaren jarraitutasuna, eta hango 250 langileen etorkizuna «arriskuan» egon daitekeelako.
Jadanik, baina, Zaratamoko lantegia ez da Outokumpurena. Zehazki, joan den astean LBH taldeari saldu zion 50 milioi euroren truke. Bizkaiko etaBelgikako lantegiak orain LBHrenak dira, beraz, eta biak taldetxo berean sartu ditu jabe berriak. Bietan kobrezko hodiak egiten dituzte, baina lan gehiena Liejakora bideratzea erabaki du enpresak.
Batzordea itxiera ondorioztatzera eraman duen beste arrazoi bat ere badago: zuzendaritzak 180 eguneko enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du lan talde guztiarentzat, eskaera jaitsiera argudiatuta. Urte amaierara begira, berriz, kaleratzeak aurreikusi ditu. Oraingoz, 150 izan daitezke lanik gabe geratuko direnak.
Espedientearen bidez «soldatetan aurreztuko duen diruarekin kaleratzeak finantzatu nahi ditu», salatu du enpresa batzordeak.
Dosierra Kupsan
Enplegua erregulatzeko beste espediente bat ere salatu zuten atzokoan, Oiongo (Araba) Kupsa Industria Kimiko taldeak aurkeztutakoa. UGTren arabera, 125 langiletik 100i eragingo die. 35 egun oso iraungo ditu, eta abenduaren 31ra arte luzatuko da.
UGT dosierraren aurka azaldu da, «hori onartuz gero, kaleratzeak egongo direlako etorkizunean». Sindikatuak gaineratu du krisia izan dela enpresak aurkeztu dien argudio nagusietako bat.
Kupsaz gain, Euroresin eta Iberpainek osatzen dute taldea, eta, oro har, egurraren gainazalarentzako bernizak eta lakak egiteaz eta komertzializatzeaz arduratzen da.
Zornotzako Camelot 97 autogintza enpresan, berriz, 11 kaleratzeen kontrako protestekinjarraitzen dute. Gaurkoan Durangotik Bilborako martxa egingo dute. 07:00etan atera, eta 12:30 alderako Bilboko Lan ordezkaritzaren egoitzara iristea espero dute.
Outokumpuren lantegiaren itxieraz ohartarazi dute
Langile batzordeak salatu duenez, Zaratamoko lantegitik Liejakora eraman du lana enpresak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu