Zerga iruzurra

Panama paradisu fiskalen Europako zerrendatik aterako da gaur

EBko ekonomia ministroek eztabaidatu beharko dute publiko egiten dituzten edo ez zerrendatik ateratzearen truke zortzi lurraldek aurkeztu dituzten konpromisoak.

Oxfamek paradisu fiskalen aurka iazko abenduan egindako protesta, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Ivan Santamaria.
2018ko urtarrilaren 23a
13:19
Entzun

Joan den abenduaren 5ean argitaratu zuen Europako Batasunak zerga kontuetan laguntza egokia ematen ez dioten lurraldeen lehen zerrenda ofiziala. Izen hori erabili gabe, baina hamazazpi zerga paradisu sartu ziren orduan zerrenda beltzaren barruan. Kopuru hori erdira murriztuko da gaur.

Ecofin EBko Ekonomia Ministroen kontseiluak bilera du gaur, Bruselan. Besteak beste, zortzi jurisdikzio zerrendatik ateratzeko erabakia hartuko du, eztabaidarik gabe. Panama, Barbados, Grenada, Hego Korea, Macao, Mongolia, Tunisia eta Arabiar Emirerri Batuak dira. Abenduko erabakiari zuzenketa bat jarri, eta leku horiek bigarren zerrenda batera pasatuko dituzte.

Bigarren zerrenda gris horretan daude EBk kaltegarritzat jo dituen praktikak zuzentzeko neurriak iragarri dituztenak. Hor amaitu dute zerga paradisu izatea egotzi ohi zaien lurralde gehienak. Zerrenda beltza argitaratu zenetik zortzi lurraldek konpromiso gutun politikoak sinatu izanak justifikatzen du zerrenda grisera igarotzea.

Zerrenda sortzeko prozedura polemikoa izan da. Herrialde jakin batzuk ez sartzeko erabakia alde batera utzita, Europako Batasunari kritikatu zaio ez direla publikoakegin  zerrenda beltzean ez erortzeko jurisdikzioek agindu dituzten aldaketak. Gardentasun falta leporatu zaie estatu kideei, eta, hori dela eta, konpromiso gutun horiek argitaratzea eskatu die Europako Batzordeak gobernuei. Gaurko kontseiluan horri buruz eztabaidatzea espero da.

Horrekin batera, Bruselak nahi du zerrenda beltzean dauden herrialdeek nolako zigorrak jasoko dituzten erabakitzea eta argitzea. Gaurko erabakiaren ondoren bederatzi jurisdikzio geratuko dira egoera horretan: Samoa estatubatuarra, Bahrain, Guam, Marshall uharteak, Namibia, Palau, Santa Luzia, Samoa eta Trinidad eta Tobago.

Zerrenda urtero berrikusiko da, baina horren ardura duen lan taldeak edozein momentuan proposa dezake aldaketaren bat. Otsailean gutunak igorriko zaizkie Karibeko beste zortzi lurralderi, EBk dituen kezkak uxatzeko nolako neurriak hartuko dituzten zerrendatzea eskatuz. Hasierako prozeduraren parte ziren, baina iazko urakanek eragindako suntsiketaren ondoren, luzapen bat eskaini zitzaien.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.