COVID-19aren pandemiak aseguruen salmenta handitu du, eta, bereziki, bizitzarekin eta osasunarekin loturikoenak. Hala erakusten dute sektoreko enpresen emaitzek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Kutxabank da aseguru gehien saltzen duen finantza erakundea. %92 gehitu dira haren asistentzia sanitariokoak aurten, eta langile autonomoen artean bereziki (+%71). Bizi aseguruek, berriz, %54ko hazkundea izan dute.
Ostegun honetan kaleratutako ohar batean, bankuak azaldu du 71.900 aseguru berri saldu dituela urteko lehen seihilekoan, aurreko urteko epe berean baino %14,1 gehiago. Osasun arlokoekin batera, nabarmen gora egin dute etxe aseguruek (+%65) eta eraikinetakoek (+%45). Gaur egun, 931.000 poliza inguru ditu Kutxabankek.
Mapfre aseguru etxeak ere eman ditu urteko lehen seihilekoaren emaitzak: %17,4 handitu du bere negozio bolumena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hari ere bizi eta osasun aseguruak ugaritu zaizkio gehien: +%79,6 bizi aseguruak, eta +%9,7 osasun aseguruak. Etxeetakoak, berriz, +3,4, eta autoetakoak +%2. Azken horietan du bezero gehien konpainiak, eta, pandemia hasi zenetik, arlo horretan izan du hazkunderik txikiena, auto berrien matrikulazioan izan den beherakadagatik, bereziki. Mapfrek %11,6ko merkatu kuota du hiru lurraldeetan, 300.000 bezero inguru.