Parlamentuaren bozketaren atarian, bi eguneko greba hasiko dute gaur Grezian
Atenasen eta Greziako beste hirietan manifestazio handiak espero dituzte gaur eta bihar, Giorgos Papandreuren gobernuak azken urte eta erdian indarrean jarri dituen gastu publikoaren murrizketak eta zergen igoerak salatzeko. Sektore publikoko langileen sindikatu nagusiak, Adedyk, eta pribatukoek, GSEEk eta PAMEk, bi eguneko greba orokorrera deitu dituzte beharginak. Lanuzteak oihartzun handia izango duela espero dute, industrian, irakaskuntzan, osasunan zein administrazioan. Garraio publikoa ibiliko da hiri nagusietan hamar orduz, herritarrak manifestazioetara joan daitezen. Hegazkinik, ordea, ez da izango, aire kontrolatzaileak greban daudelako. Itsasontziak portuan daude astelehenaz geroztik, eta ibilbide luzeko trenak ere ez dabiltza. Parlamentuak bihar eztabaidatuko ditu azken neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu