Patataren sektorea arautzen duen plana prestatzeko lehen bilera egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Deialdi hori baliatu nahi izan zuen UAGA nekazari eta abeltzainen sindikatuak elkarretaratzea egiteko, Araba patateroa izaten jarraitzea nahi dugu lelopean.
UAGAren irudiko, bada garaia Arabako produkzioa saritzeko. Izan ere, aurreko sektore planean finantzaketa patata merkaturatzen duten enpresen bidez egiteko ados jarri ziren arren, horrek ez du laborearen desagerpena geldiarazi. Diru hori saltzen dituzten Arabako tonen arabera banatzeko eskatu du UAGAk, azken urteetan enpresa horiek kanpotik ekarritako patata erabili izan dutelako. «Ez da logikoa tokiko administrazioek kanpoko patatak saltzeko diru publikoa ematea».
Sektore plan horretan eztabaidatzeko aukera dute eragile guztiek. Jaurlaritza, Arabako Aldundia, kooperatibak, enpresa merkaturatzaileak, Neiker laborategia, Kalitatea fundazioa, eta UAGAko laborariak ordezkaturik daude. Atzoko bileraren ondotik, azaroaren 15a arteko epea ireki du Gobernuak, erakunde bakoitzak proposamenak igor ditzan.
Sektore planak, agorturik
Sektore egitasmoen bidez, patata ekoizpena lehiakorra izateko oinarriak jarri nahi izan dituzte. Tresna horri, hala ere, gutxi geratzen zaio, 2012. urtetik aurrera horrelako laguntzak debekatu egin nahi baititu Europako Batzordeak. Azken plan horrek bi urteko iraupena izango du.
Araban ekoizten den patata kopurua aintzat hartzeaz gain, produkzio kosteak estaltzen dituen gutxieneko prezioa ezartzeko eskatu du UAGAk. Patata ereiteko eta ekoizteko erabiltzen den hektareako 5.000 euroko inbertsioa behar dela kalkulatu dute.
90eko hamarkadaren hasieran 10.000 hektarea inguru ereiten ziren patatarekin Arabako lurretan. Kopurua etenik gabe jaitsi da ordudanik, eta azken uztan ez dira 1.600 hektarea baino gehiago izan. Administrazioek hartu dituzten neurriei esker patata saltzen duten egitura komertzialak indartu direla uste du UAGAk. Aldiz, ez da gauza bera gertatu nekazariekin. «Asko falta dela argi dago. Katearen bi parteak orekatzen dituen plana behar dugu».
Patataren sektore planak Arabako produkzioa saritzea nahi du UAGAk
Nekazariek ohartarazi dute azken urteetan hartu diren neurriek ez dutela laborearen desagerpena geldiarazi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu