«Lotsagabe hutsa da patronala», gaitzetsi zuen ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak atzo. «Gezurra da enpresek lan kostuak gutxitu eta lanaldia luzatu behar dutela lehiakortasunari eusteko. Berrikuntzan gehiago inbertitu behar dute».
Iazko egoera ekonomikoaren gaineko azterketa aurkeztu zuen ELAk, eta Elorrietak oso gogoan izan zituen Confebasken hitzak, patronalak akaso lanaldia luzatu beharko duen abisua, alegia. «Zer errealitatez ari da hizketan? Are gehiago nahi du?», itaundu zion bere buruari.Hego Euskal Herriko enplegua «kalitate eskasekoa» dela, baina enpresak gero eta gehiago irabazten ari direla salatu zuen. «Lan kostuak %56 handitu ziren 1995tik 2002ra bitartean. Ugazaben etekinak, aldiz, halako hiru». Eta hazkundeak ez du etenik. Joan den urtean, gora jo zuten industriaren ekoizpenak eta jarduera tasak, eta murriztu egin zen langabe kopurua 22.900 lanpostu sortu ziren. Beharginek, ordea, «baldintza gero eta okerragoak» pairatzen dituzte, Elorrietaren irudiko.«Kalitate eskaseko» enpleguaren adibideak jarri zituen ELAko idazkari nagusiak. «Prekarietatea 15en Europako Batasunean baino bi aldiz handiagoa da hemen, eta kontratu mugagaberik ia ez da sinatzen». Iaz, esaterako, aldi baterako 928.783 kontratu egin zituzten enpresek, Hego Euskal Herriko langile kopuru osoa beste kontratu. «Labur esanda: iruzurretan dabiltza enpresaburuak eta gehiegikeriaz erabiltzen dituzte obra eta ekoizpen beharren araberako kontratuak». Ohartarazi zuen lana eduki bai, baina «txiroa» izan zintezkeela.Izan ere, «2004an ia %30era iritsi zen behin-behinekotasuna, aldi baterakoak izan ziren kontratu berri guztien %92, eta baztertuta segitu zuten emakumeek eta gazteek». Gora doa «ezkutuko pobrezia», gainera, ekonomia «osasuntsu» egon arren eta enpresen etekinak «lan kostuen gainetik» igo arren.
«Argudio faltsuekin burua zuritu» gura du patronalak
Elorrietak deitoratu zuen «argudio faltsuak» erabiltzen ari dela Confebask, «nolabait bere burua zuritzeko». Halaber, enpresaburuei leporatu zien lan harremanak beren kasa egituratu nahi izatea. ELAk, beraz, «zorrotz» jokatuko du negoziazio kolektiboan: «Lan hitzarmenen eztabaidetan lehentasuna emango diegu enpleguaren kalitateari eta bazterketaren arazoari». Ez da «desafio makala» izango.
Bereziki gazteen eta emakumeen lan baldintzak hobetzen saiatuko da sindikatua, gizon helduek baino %12 eta %50 prekarietate handiagoa sufritzen baitute, hurrenez hurren. Gazteen «egoera latzaren» harira, pobrezia izan zuen hizpide ELAko Ikerketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek.Azaldu zuenez, «azken urteetako hazkunde ekonomikoak ez du hobekuntzarik ekarri». Zertxobait jaitsi dira pobrezia larria eta iraupenekoa, baina zeharo handitu da gurasoen etxetik alde ezinik dabiltzan gazte kopurua. «145.217 dira jada, pobreziaren gaineko tasek aintzat hartzen ez dituzten arren». ELAk estatistika iturri ofizialak erabili ditu txosten ekonomikoa osatzeko: Eustat, INEM, Eurostat eta beste.
ENPLEGUA. LAN KOSTUAK
«Patronala lotsagabea da, eta gezurretan dabil», ELAren ustez
Elorrietak salatu du «lan kostuak halako hiru» igo direla mozkinak, eta enplegua «kalitate eskasekoa» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu