Zaintza

Patronalak «zitaltzat» jotzen du gaixo baimena ematea umeak zaintzeko

Bizkaiko Cebekeko presidente Iñaki Garcinuñok uste du enpresen barruan adostu behar direla formulak berrogeialdian dauden haurren gurasoei zaintzan laguntzeko, gaixo baimenak eman gabe

Iñaki Garcinuño Bizkaiko Cebek patronaleko presidentea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2020ko irailaren 9a
12:07
Entzun

Gaixo baimena soilik arrazoi medikoen arabera eman behar dela esan du Cebekeko buruak Onda Vasca irratian, eta ez berrogeialdian dauden umeen zaintza errazteko. Baimen mota horiek babestea «zitala» dela adierazi du, eta beti egon dela konfiantzarik eza gaixo baimenak emateko moduarekin. Horregatik, uste du gaixo baimenak zaintzarako baliatzeak are gehiago nahastuko lukeela kontzeptua; «Ez dago horretarako pentsatua», esan du Iñaki Garcinuñok.

Eskolak hasi direnez gero, eztabaida bizia dago Espainiako Gobernuko ministroen artean berrogeialdian egon beharko duten haurren zaintza dela eta. Gurasoei, umeek positibo eman gabe ere, gaixo baimena ematea nahi dute ministro batzuek; Podemos alderdikoek, esate baterako. Pedro Sanchez presidenteak agindu du estatuak zaintza hori egiteko formulak eskainiko dituela, baina oraindik ez du berretsi gaixo baimenak emango ote diren positibo izan gabe ere berrogeialdian dauden umeak  zaintzeko.

«Enpresaren barruan hitz egitea eta adostea litzateke onena», esan du Cebek patronaleko buruak. Gaixo baimenen formula alde batera utzi, eta «langile bakoitzarekin zerbait adostea» izango litzateke egokiena, Garcinuñoren arabera.

Lan erreforma

Madrilgo gobernuak lan erreformaren zenbait atal aldatzen saiatuko da datozen hilabeteetan, Ministro Kontseiluaren egutegi legegileak atzo berretsi zuenez. Bada, Cebekek ez du babesten halakorik, erreforma aldatzeak «kalte handia» egingo liokeelako enplegu sorrerari eta enpresen iraupenari. Are, Cebekeko presidenteak zalantzan jarri du atzoko iragarpena beteko denik, «zeharkako komunikazioa» izan delako. Alegia, CEOE patronala ez zegoen gobernuaren urratsaren jakinaren gainean, Garcinuñoren esanetik ondorioztatu daitekeenez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.