Patxi Lazkoz eta Ana Agirre sartu dira Vital Kutxako kontseiluan

Javier Balza eta Juan Maria Ollora burukide jelkide izandakoak Arabako kutxako Batzar Nagusian egongo dira

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko martxoaren 31
00:00
Entzun
EAJk eta PSE-EEk hitzartutako hautagaiak nagusitu ziren atzo Vital Kutxako zuzendaritza organoak berritzeko prozeduran. Horrenbestez, Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea eta Ana Agirre Industria sailburu ohia izango dira Arabako kutxa nagusiko administrazio kontseiluan. Organo horrek beste sei kide izango ditu: Virgilio Bermejo, Elena Girbau, Miguel Gutierrez, Francisco Javier Martinez de San Vicente, Izaskun Garaigordobil eta Enrique Ortiz de Urbina. Azken hori langileen izenean.

Bezperan, Javier Rojo kutxako lehendakariak «despolitizatzearen» aldeko aldarria egin zuen arren, soslai politiko garbia duten hainbat lagun sartu dira Vital Kutxako buruzagitzan. Lazkoz eta Agirre ez ezik, Batzar Nagusian izango dira Javier Balza Herrizaingo sailburu ohia eta Juan Maria Ollora Arabako ahaldun nagusi ohia, biak ala biak EAJkoak. Administrazio kontseiluan jarraituko du Iñaki Gerenabarrena Arabako Buru Batzarreko lehendakariak eta kutxako presidenteordeak.

Harekin batera eseriko dira organo horretan Rojo bera, Hernando Lacalle, Fernando Velasco, Juan Antonio Sanchez, Jose Luis Lopez eta Miren Saratxaga.

Kontrol Batzordeko zortzi kideetatik lau berriak izango dira, eta horien artean dago Martin Fiz korrikalari ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.