Hegazkin komertzialen merkatuan indartzeko beste jauzi bat egin du Bizkaiko ITP Industria de Turbo Propulsores enpresak: PCB konpainia erabat bereganatzeko falta zitzaizkion akzioak (%20) erosi dizkio Suitzako Precicast SAri, eta aurrerantzean ITPren adarra izango da PCB, "ehuneko ehunean". Bizkaiko konpainiak ohar batean zehaztu du PCBren urtze jarduera "estrategikoa" dela ITPrentzat, lehiakideengandik aldentzen diren "produktu berezituak" ekoizten baititu.
Hurrengo urteetara begira, urtze negozioaren hazkunde adierazgarria espero du ITPk, eta horrek derrigortu du inbertsio "garrantzitsuak" egitera. Bi enpresen arteko elkarlana aspaldikoa da: 1999an Precicast Bilbao sortu zuten. Orain, baina, pauso bat gehiago eman dute. "Operazio honek negozioa garatzea eta egonkortzea ahalbidetzen digu; lehiakortasunean irabaziko dugu", nabarmendu du ITPko zuzendari Ignacio Mataixek.
Lantegi berri bat Sestaon
Aeronautika sektoreko ikur da ITP. Nazioarteko salmentei erreparatuta, bederatzigarrena da motorrak eta osagai aeronautikoak egiten, eta ehun enpresa "onenen" artean dago. Orotara, Euskal Herrian, Espainian, Erresuma Batuan, Maltan, AEBetan, Indian eta Mexikon ditu planta produktiboak, eta 3.000 langile inguru enplegatzen ditu.
PCBk Barakaldon (Bizkaia) du lantegia. 1999an eratu zen, eta hegazkingintza sektorean egiten du lan, batez ere. Zehazki, hegazkinen motorren turbinetarako aleazioak ekoizten ditu, eta munduko motor ekoizle nagusiak ditu bezerotzat. Datozen bost urteotan lantaldea handitu, eta 200 lanpostu sortzeko asmoa du. Azaldu duenez, eskaerek nabarmen egin dute gora, eta horiei erantzuteko lantegi berri bat irekiko du Sestaon (Bizkaia) 2017ko lehen seihilekoan; 20 milioi euroko inbertsioa egingo du 2021era bitartean. ITPk PCB marka erabiltzeari eutsiko dio aurrerantzean, eta Precicast deitura alboratuko du horretarako.