Berripaper hau PDF formatuan edonon eskura eduki litekeen bergisan, 12.000 puntuen langa ere eskura dauka Ibex-35ek (+%0,35), noiznahi eta nolanahi gainditzeko gisan. Espero zenez, EBZren bilerak ez zuen ezer berririk ekarri, eta berririk eza ere mezu elektroniko bat bezain azkar hedatzen da. Carrefourrek (-%0,8) Espainian aurreko urtean baino %5 gutxiago saldu bazuen (munduan %0,9 gehiago) edo Iberiak (+%0,5) %6 bidaiari gutxiago garraiatu bazituen, prentsari gertatzen zaion lez, nekez espero daiteke miraririk emaitzen aldetik. Aurtengo lehen hiruhilekoak enpresen mozkinen benetako egoera neurtzeko balioko du, martxotik hona izandako igoerak liserituta. %2na pasa igo ziren atzo Abengoa, Arcelor eta Banesto; %0,5 inguru Santander eta Repsol-YPF blue chip-ak. Papera eskuetan izatea maite dutenek, burtsan dibidendua ukitzea ere maite dezakete: Iberdrola (-%0,13), FCC (+%0,7)eta antzekoen erakargarritasuna handitu dezake horrek.
Real Urbisen (+%14,24) akzioak igoera latza izan zuen atzo: 4.800 milioiren zorra du higiezin enpresak eta berau hamar bankurekin negoziatzen ari da. Datorren asterako akordioa espero da: oraingoz etxebizita gehiagorik ez sustatzea eta 2013 arte, ez interesik eta ez kapitalik, ezer ere ez ordaintzea aurrikusten du akordioak. Orotara, 50 bankutik gora dira Espainiako higiezin enpresa horren hartzekodun. Azken bi urteetan %62 galdu du akzioaren kotizazioak, eta 3,57 eurotan dago egun. Colonial (+%4,73) lehiakidea ere poztu zen.
PDFaren gisan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu