Arratsaldeko 17:00etan uretaratu dute Murueta ontziolek Pendruc atunontzia. Bretainiako Concarneau portuko CFTO armadorea da ontziaren jabea; hain zuzen, Muruetak CFTOrentzat egindako bigarren atunontzia da Pendruc, pasa den udan uretaratu zuten atunontziaren bikia. Itsasontziak 77 metroko luzera dauka, eta 14 metroko zabalera; 16 korapiloko abiadura lortzeko gaitasuna dauka, eta 32 marinel joango dira bertan.
Itsasontzia gaur uretaratu arren, armadoreak 2016ko maiatzean jasoko du, lan guztiak amaitu ostean. CFTOk hamahiru atunontzi ditu, eta Ozeano Atlantikoan eta Indiakoan aritzen dira arrantzan. Murueta ontziolak atunontzien eraikuntzan espezializatuta daude, eta atzokoa ontziolek eraikitako 306. itsasontzia da.