Milaka pertsona atera dira kalera beste behin pentsio duinak eskatzeko. Bilbon, 33.000 pertsona batu dira, udaltzainen arabera. 18:00etan abiatu da martxa, udaletxe aurretik. Emakumeek gidatu dute protesta, pentsioen arloan kalte gehien dutenak haiek direla iritzita.
Donostian ere jendetza handia bildu du arratsaldeko deialdiak. Alderdi Eder inguruan 15.000 eta 20.000 pertsona artean elkartu dira, udaltzainen arabera, 17:30ean. Bulebarreraino martxa egin dute. Antolatzaileek eurek esperotakoa baino jende gehiago elkartu da martxa horretan ere.
Gasteizen, eguerdian egin dute manifestazioa, Artium museoaren paretik abiatuta. Jendetza bildu da han ere, eta, pentsioez aparte, bestelako aldarrikapen batzuk ere plazaratu dituzte: enpleguaren kalitatea hobetzea, langabeen gutxieneko soldatak igotzea eta lan kontratuak dituztenentzat egonkortasun handiagoa, besteak beste.
Apirilaren amaieran EAJren eta Espainiako Gobernuaren artean lortutako akordioaz ere ohartarazi dute pentsiodunek, esanez horrek erakusten duela Madril gai zela pentsioak hasieran esandakoa baino gehiago igotzeko. Akordio horren arabera, pentsioak %1,6 igoko dira, aurrekontuen aurkako zuzenketak ez babestearen truke. Aurrekontuak onartu egin beharko dira, hala ere, igoera hori indarrean jartzeko.
Pentsiodunek, baina, nabarmendu dute Madrilgo akordioa "garaipen txiki bat" besterik ez dela, eta "azken garaipena" lortzeko lanean jarraitu beharra dagoela. Hala, iragarri dute kalera irteten jarraituko dutela KPIaren araberako igoera ez dadin soilik aurten eta hurrengo urtean ezarri, eta baita aurreko legealdian onartutako "iraunkortasun faktorea" bertan behera gera dadin ere. Gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino igo behar direla ere nabarmendu dute, eta mobilizatzen jarraitzera dei egin dute, helburu horiekin.