Gaurkoa ez da aurreko astelehenak bezalakoa izan Bizkaiko pentsiodunentzat. Asteleheneroko kontzentrazioa egin dute pentsio duinak eskatzen, baina ohiko bilkura baino lehen beste argazki bat ikusi da Arriaga antzokian: 30 pentsiodun Madrilera abiatu dira oinez azken urte eta erdian kalean aldarrikatu dutena Espainiako Gobernuari eramateko. Martxan parte hartu dutenei babesa adieraztera joan dira pentsiodunen plataforma ugari. Txalo eta aldarrikapen oihu artean, "indartuta" abiatu dira pentsiodunak Madrilera.
Urriaren 15ean dira bertara iristekoak, egunean batez beste hogei kilometroko ibilaldiak egin ondoren, eta bertan Rotatik (Espainia) gaur abiatu den zutabearekin bat egingo dute. Urriaren 16an, bestalde, manifestazioa egingo dute Espainiako hiriburuan pentsiodunen 250 plataformen babesarekin.
27 urte dira Bilbotik eta Asturiasetik Burdinaren martxa abiatu zenetik. Berregituraketa industrialaren garaian, siderurgian lanpostuei eusteko eskaera eraman zuten Bizkaiko Labe Garaietako eta Ensidesako beharginek Madrilera, eta orain martxa hura gogoratuko dute borroka ezberdin batekin. Luciano Lopez Luki-k 1992ko martxan parte hartu zuen, eta gaur abiatu denean ere badago: "Orduko hartan helburua ez genuen bete, baina oraingoan lortuko dugu". Burdinaren martxan elkartasun handia jaso zutela gogoan izan du gaur goizean labe garaietako behargin ohiak, eta oraingoan ere antzera izango dela espero du.