Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen ordainak osagarri baten bidez igotzeko aukera aztertzeari ateak itxi dizkio Eusko Legebiltzarrak, bigarren aldiz azken hilabeteotan. EH Bilduren lege proposamena ez da aurrera atera, alderdiak ez baitu gainerako indarren babesik eskuratu. EAJk, PPk eta UPDk aurka bozkatu dute, eta PSE-EE abstenitu da. Eusko Jaurlaritzak proposamena aintzat hartzearen aurkako iritzia emana zuen aldez aurretik.
Orain dela hilabete batzuk herri ekinbide legegile baten bidez antzeko neurria eztabaidara eramaten ahalegindu ziren Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformatik. EAJk, PSE-EEk eta PPk tramitazioa ukatu zioten, aldez aurretik ganberako zerbitzu juridikoek egindako txosten batean oinarrituta. Lege proposamenak hainbat esparrutan eskumenak gainditzen zituela ondorioztatu zen txosten horretan, Gizarte Segurantza propio bat sortzeko atalari zegokion partean.
EH Bilduk pentsiodunen beste eskaera hartu zuen —gutxieneko ordainak 1080 eurora igotzea—, eta bide eman nahi izan dio lege proposamen baten bidez. Lau urteko sistema iragankorra ezartzea zen koalizio independentistaren asmoa. Lehen urtean pentsiodunei gutxienez EAEko batez besteko soldata garbiaren %45 bermatzea aurreikusten zuen, 800 euroren bueltan. Kopuru hori apurka igoko litzateke, lau urte barru soldata garbiaren %60 izan arte. 160.000 pentsiodun izango lirateke onuradunak.
Pentsioen inguruan ohikoak diren jarrerak errepikatu dira berriro osoko bilkuraren eztabaidan. Proiektua defendatu du Eva Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak. "Bideragarrian da, finantzatzeko iturri egokiak jarrita", adierazi du. Gaur egun diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez ere hainbat pentsio osatzen direla gogoratu du, egingarria litzatekeela azpimarratzeko.
Puntu horri heldu dio Josune Gorospe legebiltzarkide jeltzaleak bere alderdiaren ezezkoa justifikatzeko. Honezkero 20.000 pentsiodun laguntzen ditu gizarte babeserako sistemak. Gorosperen irudiko, "arinkeriaz" egindako lege proposamena da EH Bildurena, hauteskunde kanpainari begira egindakoa. "Lardatsa da, ez du zorroztasunik, eta inork babestu ezin duen moduan egina dago", kritikatu du.
Eztabaida bizia izan dute Blancok eta Gorospek. Duela hilabete batzuk euskal pentsio sistema propio baten alde urratsak egitea eskatzen zuen legez besteko proposamen bat adostu zuten bi alderdiek. Orduan hitzartutakoa alde batera uztea egotzi dio EH Bilduk EAJri, eta pentsiodunei bizkarra ematea. "Orain danbatekoa ematen diezue, eta gero hauteskunde kanpainan txirrina joko diezue", aurpegiratu dio Blancok Gorosperi. EAJkoak "hauteskunde ekitaldi gordina" egin nahi zutela erantzun dio Blancori.
Demagogia eta beldurra
EH Bilduren eta PPren arteko argudioen artean kokatu nahi izan du EAJk bere burua. "Ez demagogiarik eta ez beldurrik", Gorosperen hitzetan. Izan ere, aurreko txanda Espainiako pentsio sistema bateratuaren eta PPk egindako erreformen defentsa egiteko baliatu du Laura Garrido legebiltzarkide popularrak.
Alderdi konstituziozaleen ohiko argudioen errepasoa izan da Garridorena. Hots, pentsio sistemak EAEn defizita duela —2.000 milioitik gora jarri du—, eta sistema propio batek porrot egingo lukeela ezinbestean. "Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen bermea espainiar guztien elkartasuna da, eta kutxa bakarra", azaldu du Garridok.
Gernikako Estatutuak jasotzen du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzea EAEko erakundeen eskumena dela. Ez da sekula eskualdatu, ordea. Eskumena benetan hartu nahi ez izatea leporatu dio Garridok Iñigo Urkullu lehendakariari. "Matxuratutako makineria saldu nahi izan diguzue", erantzun dio Gorospek.
Boto azalpenaren txandan abstentzioa argudiatu du PSE-EEk. "Ezin diogu baiezkorik eman, mamian dagoen eztabaidari ez zaiolako heltzen", esan du Jose Antonio Pastor sozialisten eledunak, eta bat egin du proposapenari gainerako alderdiek egotzi dioten zorroztasun faltarekin.
Eztabaida ematen ari zen bitartean kanpoan elkarretaratzea egin dute Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformakoak. EH Bilduko legebiltzarkideak kontzentraziora atera dira, bozketa eman ondoren.