Fatima Bañez Espainiako Lan ministroak pentsioak kalkulatzeko egindako proposamena sistema prekarizatzeko neurri bezala hartu du LAB sindikatuak. Pentsioa kalkulatzeko garaian lan bizitza osoa kontuan hartzea mahai gainean jarriz uen ministroak, eta borondatezko neurria izango zela aurreratu. Baina neurria “globo bat” dela adierazi du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak. “Etorkizunean gutxi izango dira borondatezko neurri hau hartuko dutenak, 2026 urtean erretiratuko diren pertsonek 38 urteko kotizazioak beharko dituztelako, eta egungo lanpostuen behin-behinekotasuna eta baldintzak ikusita, jende asko pentsio osoa kobratzetik urrun geratuko da”. Horregatik, pentsioen arazoari izkin egiteko neurri bezala hartu du proposamena.
Une honetan pentsioek finantzazioan daukate arazorik nagusiena Aranbururen ustez. “Kalitatezko enplegurik eta soldata onik ez dagoenez, finantzazioak ez dio beharrari eusten”. Behar den dirua biltzeko bestelako neurriak hartu daitezela eskatu du sindikatuak. “Baina ez da enpresen patrikarik ukitu nahi, eta horrela ezin da; borondate politikoa falta da bestelako finantzazioa bilatzeko”. Hori horrela egiten ez den bitartean, gutxieneko zenbatekoa izan beharko lukeen 1.080 eurora iristeko, pentsio txikienentzako konpentsazio funts bat sortzeko eskaera egin die sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Egoera horretan dauden pentsiodun ugari baitaude: 160.000 pertsonek 700 eurotik beherako pentsioak jasotzen dituzte. Horren eraginez, azken urteetan erosteko ahalmena %6,5ean galdu dute pentsiodunek. “Bitartean pentsioak %0,25 handituko direla diote, baina KPIaren erreferentziarik ez da kontuan hartzen, eta horrela jarraitzen duen bitartean erosteko ahalmena galtzen jarraituko dugu”, Carlos Ruiz LABeko pentsioen arloko arduradunaren hitzetan.
Funtsa sortzeko eskaerarekin batera, EAJren jarrera ere kritikatu du Aranburuk. Gernikako Estatutuak Gizarte Segurantzaren eskumena biltzen baitu, eta transferentzia hori eskatzen dabiltza jeltzaleak azken 40 urteetan. “Eskumen eske ibiltzea lekuz kanpo dago”. Une honetan Madrileko gobernuaren ahultasuna aprobetxatu nahian dabiltza jeltzaleak estatutuko eskumenak eskuratzeko, “baina hala ere ez dira lortzen ari; benetan espero dute hori lortzeko gai ez badira estatus politiko berrian erabakitzeko eskubidea txertatzea lortuko dutela?”. Horregatik, herri erantzuna antolatzen hasteko garaia dela adierazi du Aranburuk.