Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak pentsioen inguruko hainbat aldaketa iragarri ditu gaur, Espainiako 2018ko Espainiako Aurrekontu Orokorrekin lotuta. PPk eta Ciudadanosek adostutako akordioak jasotzen du pentsio urrienak eta pentsio ez-kontributiboak %3 igotzea. Atzo, Ciudadanoseko presidente Albert Riverak %2ko igoeraz hitz egin zuen, baina gaur Montorok zuzendu egin du informazio hori, garbi utzi nahian pentsioekin lotutako edozein etekin politiko PPren gobernuari dagokiola.
Gauzak horrela, 9.800 eurotik beherako pentsioak %1,5 igoko direla azaldu du ministroak; 9.800 eta 12.040 euro artekoak, berriz, %1 igoko dira, betiere 2018ko aurrekontu orokorrak onartzen badira. EAJk garbi esan du ez duela haiek babesteko inolako asmoarik Katalunian 155. artikuluak indarrean jarraitzen duen bitartean eta, horren bestez, zaila ematen du pentsioen igoera horiek gauzatzea epe laburrean.
Errenta zerga
Alarguntza pentsioen inguruan ere albiste bat eman du Cristobal Montorok: oinarri erregulatzailea %52tik %54ra pasatuko da. Neurri horiek guzitak osagarriak izango dira errenta zergan ezarritako hobari berriekin. Errenta zergatik salbuetsiko dituzte 12.000 eta 14.000 euro arteko errentak. Espainiako 3,5 milioi zergaduni egingo die mesede neurri horrek, guztira milioi bat pentsioduni.
Horrez gain, haurtzaindegiaren hobaria jarriko dute martxan (1.000 euro), gaitasun urriko familiakidearena (1.200 euro) eta familia ugariena (600 euro). Neurri horiek ez dute eraginik izango Hego Euskal Herrian, foru ogasunek beren zergak antolatzeko gaitasuna dutelako. Baina litekeena da Espainian izango diren aldaketek presioa eragitea euskal ogasunetan, haiek ere neurriak har ditzaten.
Edonola ere, Cristobal Montorok iragarritako aldaketa horiek guztiak —hasteko, %3ko igoera gutxieneko pentsioetan eta ez kontributiboetan—, 2018ko aurrekontu orokorrak onartzearekin loturik daude. Gainera, igoera horiek datozen urteetarako kontsolidaturik ote leudeke ere ez dago argi.