%2,8ko gorakada horren portzentairik handienak, %2ak, aurtengorako aurreikusitako inflazioari aurre egitea du helburu. 2003ko inflazioa Espainiako Gobernuak iragarritakoa baino handiagoa izan zenez, desoreka hori berdintzeko ezarri da falta den %0,8. Honenbestez, pentsioek erosteko ahalmena mantentzen dute Gobernuaren ustez. Hilabete honetan zehar jasoko dute pentsiodunek igoera horri dagokion kopurua.
Gutxieneko pentsioak
Gutxieneko pentsioak gehiago igoko dira zenbait kasutan. Adibidez, 65 urtez beherako erretiratuen, alargunen eta umezurtzen pentsio minimoak %5,8 handituko dira. 65 urtez beherako alargunen pentsioak, halaber, %14 igoko dira gutxi gorabera, zerga-portzentaiak izango duen aldaketa dela medio. Derrigorrezko Zahartzaro eta Elbarritasun Aseguruak (SOVI), berriz, %4,8 egingo du gora guztira.
Gauzak horrela, pentsio publikoen gehieneko kopurua hilabeteko 2.086,10 euroan finkatu dute (urteko 29.205,40 euro).Espainiako Ministroen Kontseiluak ezagutarazi dituen datuen arabera, 1996tik hona pentsioak inflazioa baino gehiago handitu dira. Epe horretan prezioak %23,73 igo dira. Jubilazio pentsioek, berriz, %28,21 eta %37,03 tartean egin dute gora; alargunenak, %28,21 eta %79,41 tartean igo dira, eta umezurtzenak %31,07.
UGTren kritikak
Zeharo desberdina da, ordea, UGTren ikuspegia. Gutxieneko pentsioen igoera «eskasegia» eta «diskriminatzailea» dela salatu zuen atzo sindikatuak. UGTren iritziz, gutxieneko pentsiodunen %26ek besterik ez diote aterako etekina igoerari. Gutxieneko pentsiodunak azken urteotako hazkunde ekonomikotik at geratu direla eta haien errenta gainontzeko herritarren batez bestekotik aldendu dela dio UGTk.
Bestalde, Espainiako Gobernuari «pentsio baxuenak hobetzeko ahaleginik ez egitea» leporatu dio. Pentsio horiek, kasu gehienetan, bizitza maila duinik ez dute bermatzen UGTkoen iritziz. Gizarte Segurantzaren etekinak egoera hori konpontzeko ez erabiltzea «bidegabekeria hutsa» da sindikatuaren aburuz.CCOOk ez bezala, UGTk ez zuen 1995ean Toledoko Ituna sinatu, gaur egungo pentsio sistema arautzen duen ituna. UGTren esanetan, Espainiako Gobernuak bere interesen arabera erabiltzen ditu Toledon adostutako arauak, «aurrekontuak moldatzeko, erreforma fiskal erregresiboak egiteko eta errealitatea ezkutatzeko». Puntu horretan bat egin zuen CiUko diputatu Carles Campuzanok UGTrekin. Campuzanok propagandatzat jo zuen Espainiako Gobernuak zabaldutako informazioa. Alargunak baztertzea ere leporatu zion, horien pentsioak 11 euro besterik ez baitira igo.
-
Datua
555.100
Pentsiodunak Hego Euskal Herrian: Lehengo urteko urriaren 1ean, 555.100 pentsiodun bizi ziren Hego Euskal Herrian. Horietatik 321.700 erretiratuak ziren; 148.000 alargunak; 50.800, ezinduak; 21.000, umezurtzak, eta 13.600, 15 urtetik behera edo inoiz Gizarte segurantzan kotizatu ez dutenak. Gutxieneko pentsioak dira gehien handitu dituztenak: guztiak %4,8tik gora igo dira.