LABeko ordezkarien arabera, pentsio sistema publikoa "amaitu" egin nahi dute, eta orain arteko bidetik, lortu egingo dute: "Erreforma berri hau aurrekoen justifikazio berarekin dator: sistemari eutsi ahal izatea. Argudio berbera erabiltzen dute denetarako: zerbitzu publikoei eusteko, zerbitzu publikoak deuseztatu behar omen dira. Pentsioei eusteko, pentsioak deuseztatu behar omen dira", salatu dute.
Sindikatuak gogorarazi du erreformak lanean ari diren guztiei eragiten diela, "adin gero eta handiagoarekin lanean jarraitzera behartzen dituztelako eta pentsioa enpleguarekin bateratzea bultzatzen dutelako". Horiez gain, langabezian daudenak ere zigortzen dituztela uste du LABek, "lanpostua ukatzen diete" eta. "Berriro ere langileak zigortu eta enpresa handiak saritu", gaineratu dute.