PENTSIOAK. «Bigarren mailako tresna batekin konponbide osoa eman nahi dute»

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2006ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
EHUko Lan Harremanetarako Eskolan irakasten du Garikoitz Otazuak, eta, beste bi irakaslerekin batera, pentsio sistema propio bat eratzeari buruzko ikerketaren egilea da.

Zein itxura hartzen diozu Jaurlaritzaren planari oro har?

Jaurlaritzak dituen eskumenen araberako plana da, eta, gizarte politikaren alorrean, oso gutxi dira horiek. Ez du ikuspegi orokorrik. Gauden testuinguruan esku hartzea premiazkoa balitz bezala aurkezten du, baina ez dio arazoari aurre egiten. Bigarren mailako tresna batekin konponbide orokorra eman nahi du, eta eskumenen muga argia da.

Sistema publikoa ez dela nahikoa babes izango esatea arinegi amore ematea da?

Pentsio sistema kolokan egongo den interpretazioa zabaltzen ari da, interes konkretuen arabera. Azkenean, sektore publikoak gizartean duen parte-hartzea murriztuko litzateke, eta bat dator eredu orokorrarekin. Planean ez ditu aintzat hartzen erabakigarriak izango diren hainbat faktoreren garapena. Ez da sartzen emigrazioa, esaterako. Asko azpimarratzen da zahartzea, baina beste aldagai batzuk ez dira kontuan hartzen.

Eta bideragarria da pentsio sistema publikoa?

Pentsioek gaur egun ere, gastu eta sarrerei dagokienez, saldo positiboa dute, eta beste gauza batzuetarako erabili da diru hori. Finantza iturrien banaketa zehatza egiten da, gardentasun kontablea emateko, baina guztiaren atzetik sektore publikoa dago, eta hori da garrantzitsuena. Arazoei, dauden tokian daudela, aurre egiteko zeregina du sektore publikoak. Une batzuetan superabita badago, beste gauza batzuetarako erabil dezake, eta defizita badago, beste iturri batzuetatik hartu beharko litzateke dirua.

Aldi baterako lana, zorpetzea, nondik aterako da dirua pentsio osagarriak ordaintzeko?

Gizarte Segurantzaren eredua bera, belaunaldien arteko elkartasuna, geroari nor bere kabuz aurre egiteko ezintasunetik sortu zen. Argi dago gutxien dutenek ez dutela borondatezko aurreikuspenik egingo, oso zaila delako premiazkoa ez beste ezer buruan izatea. Enplegu sistemak egin daitezke, baina kontuan hartuz egitura produktiboa guztiz aldatu dela. Enpresa txikiek duten garrantzia eta langileek ez dutela bizitza guztia lantegi berean ematen kontuan hartu behar da. Enpresa handietatik eredua besteetara nola hedatu arazoa da.

Hainbesteko premia dago pentsio osagarrien sistemak ezartzeko ?

Babes sistema osorik hartu behar da, sektore publikoaren rola argitu, eta haren babesa zehaztu, lehenik eta behin. Sektore publikoak babesa apalduko du. Zenbateraino? Eta bideragarritasunari buruz, ezin da ahaztu sistema pribatua garatzeak duen gastu fiskala. Hobari fiskalen egitura sakonki berraztertu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.