«Pentsioak ez dira egun erretiroa hartuta daudenen borroka soilik. Langileok erretiroa hartzean bizitza duin baterako eskubidea bermatua izan dezagun borrokatu behar dugu». ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, premisa horri jarraituz, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak larunbaterako antolatu dituen manifestazioetan parte hartzera deitu dute. Sindikatuek bere egiten dituzte pentsiodunek azken hiru urteetan zabaldu dituzten eskaerak, eta nabarmendu dute «pentsio sistema publiko eta duinaren aldeko borrokak ez duela etenik”, eta erabakiak Euskal Herrian hartu ahal izateak izango lukeen garrantzia nabarmendu dute: «Burujabetzak behar ditugu, baita pentsio sistemari buruz erabakitzeko ere».
Bilbon eman dute jendaurrean atxikimendua sindikatuek, Espainiako Gobernuaren lurralde ordezkaritzaren aurrean. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak pentsiodunen mugimenduak eginiko lana goratu du, eta Espainiako Gobernua pentsio pribatuen aldeko apustu garbia egiten ari dela salatu du. Era berean, salatu du emakumezko pentsiodun askok «miseriazko» ordainsariak jasotzen dituztela haien zaintza lana ez delako aintzat hartu, eta, horregatik, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko eskatu du. Azkenik, iragarri du mobilizazio eta greba gehiago etorriko direla langileen eta pentsiodunen eskubideen alde.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, berriz, 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetu beharra nabarmendu du; izan ere, haren esanetan, Espainiako Gobernua egun «aurkakoa» planteatzen ari da: «Seinaleek diote pentsioak are gehiago murriztu nahi dituztela, eta erretiroaren muga atzeratu nahi dutela. Batez ere erretiro aurreratuekin ari dira, eta helburua argia da: erretiro aurreratuak murriztuz hurrengo pentsioak baxuagoak izatea».
Pentsiodunek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu dute manifestazioetara, larunbat arratsalderako. Eskaera nagusiak hauek dira: 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak bertan behar uztea; 2021erako iragarri diren murrizketen eta pentsio sistema pribatizatzeko asmoen aurka agertzea; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadila eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa; soldatetan eta pentsioetan dagoen sexu arrakala amaitzea; ezkonkidearen pentsioaren %100 alargun pentsiorako; eta erretiro aurreratua kotizatutako 40 urterekin hartu ahala izatea inolako zigorrik gabe.