PENTSIOAK

Pentsioak igoko dituzte, eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak egokitu

Gaur bilduko da Espainiako Ministroen Kontseilua 2004ko ordainsariak eguneratzeko

Erredakzioa
BILBO
2003ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Ministroen Kontseiluak 2004ko pentsioak egokituko ditu gaur. Halaber, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata igoko du, ziurrenik. Europako Batasuneko (EB) txikiena da, Portugalgoaren atzetik.

Gobernuak 943 milioi euro erabiliko ditu pentsioak egokitzeko. Aurten inflazioa gobernuak urte hasieran espero baino gehiago igo dela berdintzeko, berriro ere 2004rako %2ko igoera ezarriko du Madrilgo gobernuak.

Hortaz, urtarriletik aurrera, 641 eurokoak izango dira pentsio arruntak 17 euro gehiago. Ezinduek 657 euro jasoko dituzte. Alargunek eta umezurtzek, berriz, 442 eta 310 euro, hurrenez hurren. Aurten baino 45 eta 6,5 euro gehiago. Gainera, pentsiodunei urtarrilean emango dizkiete 2003ko inflazio aurreikuspen okerrek eragindako kalte-ordainak. Gobernuak bi puntuko inflazioa iragarri zuen. Ordea, %2,8ra iritsi da prezioen igoera, eta erosteko ahalmena galdu dute Espainiako zortzi milioitik gora pentsiodunek.

Lanbide arteko Soldata

Pentsioez ez ezik, litekeena da Ministroen Kontseiluak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataz ere hitz egitea. Azkeneko urteetan, inflazioa beste igo dute, eta Gobernuak bide beretik joko du, ziur aski. Espainiako gutxieneko soldata EBko apalenetakoa da gaur egun: 451 euro garbi (526 euro gordin). Soilik Portugalek ezarri ditu ordainsari apalagoak. Ordea, ia milioi erdi herritarrek kobratzen dute. Sindikatuek Gobernuari eskatu diote 600 euroko soldaten alde egiteko, Europako hainbat erakundek iradoki bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.