Pentsioak

Pentsiodunak Bruselara abiatu dira sistema publikoa «blinda dezatela» eskatzera

Asteartean hainbat europarlamentarirekin biltzekoak dira, eta ostiralerako mobilizazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan

Pentsiodunen mobilizazio bat, Biboko kaleetan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 27a
13:43
Entzun

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ez dago geldirik egoteko asmoz. Espainiako pentsioen erreforma eta Europako Funtsen baldintzak negoziatzen ari diren honetan, beren ahotsa inoiz baino garrantzitsuagoa dela iritzi diote, eta, horregatik, hainbat mobilizazio egingo dituzte hurrengo egunetan. Aste honetan, esaterako, bi aldiz mobilizatuko dira: asteartean Bruselara iritsiko dira, hainbat parlamentarirekin eta Eskubide Sozialen Batzordearekin biltzeko; ostiralean, berriz, adinekoen nazioarteko egunaren karietara, manifestazioetara deitu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan (12:00).

Euskal Herriko Pentsiodunak Espainiako hainbat elkarterekin bat eginda abiatuko dira Bruselara. Bi autobus irtengo dira Bilbotik. Hainbat bilera lotu dituzte. Europako Batzordearen pentsioen liburu berdea sistema publikoaren aurkako «mehatxu» bat dela kritikatu dute, eta erakundeari berari egotzi diote bankuen lobbyaren «ordezkari gisa» aritzea, bere neurriarekin pentsio pribatuak sustatuz. Alde horretatik, «oso larrituta agertu dira Europako Funtsek pentsioetan izan dezaketen eraginarengatik». Hainbat eskaera zehatz eramango dituzte: besteak beste, pentsio publikoak «eskubide gisa blindatzea», Europako Funtsen banaketan pentsio sistema publiko baten bermea lehenestea, eta pentsioen errebalorizazio automatikoa bermatzea «gutxienez» KPIaren arabera.

Ostiralean, mobilizazioak Euskal Herrian izango dira. Manifestazio bat hiriburu bakoitzean, eta elkarretaratzeak herrietan. Urriaren 1a zaharren nazioarteko eguna da, eta pentsiodunak zahar etxeetako erabiltzaileen elkarteekin batera irtengo dira kalera. Pentsio duinak, eta etxebizitza eta zentro soziosanitario egokiak aldarrikatuko dituzte. Ez da izango hurrengo egunetako mobilizazio bakarra, beste manifestazio batera ere deitu baitute azaroaren 13rako. Hor pentsioen erreformaren negoziazioetan eragitea izango dute helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.