Pentsiodunak eta emakumeak protagonista Maiatzaren 1ean

ELAk Bilbon eta Iruñean egin ditu manifestazio nagusiak, eta LAB eskualdez eskualde ariko da. CCOO eta UGT batera atera dira, Iruñean. Baionan, jendetza elkartu da.

Emakumezko bat, gaur, ELAren manifestazioan. IDOIA ZABALETA, FOKU
2018ko maiatzaren 1a
07:15
Entzun

Mugimendu feministak eta pentsiodunek «kalera eraman duten erreibindikazio oldea indartzeko» aukera egokitzat jo dute sindikatu abertzaleek aurtengo Maiatzaren Lehena. Lan esparruko erreibindikazioek alboan dituzte «eraldaketa sozialarekin» lotura duten eskaerak.
 

ELA: Sindikalismoak inoiz baino politikoagoa izan behar du"

Pobreziari gerra; sobera inor ez lelopean egin ditu manifestazioak ELA sindikatuak. Bilbon Adolfo Muñozen hitzaldia izan da manifestazioaren aurretik, eta hura agertokira azaldu aurretik, Iruñeko bortxaketaren epaia eta Donibane Garazin bere bikotekide ohiak emakume bat hil izana salatu dituzte. Urteko "albiste pozgarriak" aipatu ditu Muñozek, eta bereziki nabarmendu ditu martxoaren 8ko mobilizazioak, pentsiodunenak, borroka sindikalak.  "Sindikalismoak asko zor dio feminismoari".

Txanponaren bestaldean EAJren eta PPren arteko ituna dago, Muñozen arabera, "alderdikeria hutsala": "EAJ beharrezkoa da PPrentzat, eta PP EAJrentzat". Horregaitik, sindikalismoak "inoiz baino politikoagoa" izan behar duelka aldarrikatu du: "Ez dago demokraziarik kontrabotererik gabe".

Han izan da Gotzon Hermosilla kazetaria ere, zuzeneko kontakizuna egiten.

ELAk mobilizazioetarako deia egiterakoan gogoratu du asteon euskal erakundeek diotela krisia gainditu dela, «baina gure gizartean pobrezia, prekaritatea eta desberdintasun sozialak areagotzen ari direla». Sindikatuak dio aberastasunaren banaketa «gero eta bidegabeagoa» dela, eta enplegua izatea ez dela jada «bizitza duin bat izateko bermea». Langile pobreak gero eta gehiago dira, Muñoz gidari duen sindikatuaren arabera. Aurtengo Maiatzaren Lehena «aukera bikaina» da ELAren ustez, feminismoak eta pentsiodunek ekarritako «erreibindikazio oldea indartzeko». «Parean daukagun erronka ez da nolanahikoa», dio sindikatuak, eta abisua eman du: «ELAk erabaki du borrokatu egingo dituela pobrezia eta beldurra».
 

LAB: Greba orokorraren beharra

LAB eskualde guztietan ari da mobilizatzen Hegoaldean, eta Baionan zein Maulen, Iparraldean (CDFT eta UNSArekin batera). Iparraldeko Hitza aritu da Baionako manifestazioa kontatzen.

Lan, bizi, herri duina leloarekin 25 manifestazio egin ditu sindikatu abertzaleak, eta Garbiñe Aranburuk eskainitako hitzaldian prekarizazioaren aurka egin du: “Ez dago aitzakiarik, baditugu proposamenak alternatibak eraikitzeko. LABek lan munduan eta lan mundutik eragin nahi du, eta baditugu proposamenak”. Horien artean aipatu ditu sindikatuak 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, soldata arrakalarekin amaitu, pribatizazio eta azpikontratazioari aurre egin edo 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.

Hori guztia bultzatzeko, mobilizazio soziala aldarrikatu du. “Mobilizazio soziala bizirik dago, eta baldintzak ematen ari dira alternatiba orokor baten aldeko borroka indartzeko. Sindikalgintza abertzaleakezin du eztabaida horretatik kanpo geratu”. Eta greba orokorraz hitz egiteko garaia dela esan du Aranburuk: “Greba orokorraz hitz egiten hasi behar dugu. Sindikalgintza abertzaleak ezin du eztabaida horretatik kanpo geratu. Ez dago eraldaketa sozialik mobilizazioan sakondu gabe”. ELAri dei egin dio horrela mobilizazio orokor eta indartsu bat antolatzen hasteko.

Baina alternatibak mahai gainean jartzeaz aparte, kritika ere egin du LABek. Bereziki EAJri begira jarri da bereziki sindikatu abertzalea: “Berriro bakoitzaren aliantzak non dauden argi geratu da. EAJrentzat Kanbo baino gertuago dago Madril. Estatuko aurrekontuei bide ematea erabaki du, aurrekontuak onartzen bukatzeko. Antzerki hutsa izan da, bertsotan bezala ari da EAJ, amaiera erabaki eta ondoren bertsoa osatu”. Kritika egin dio “murrizketak eta erreformak bata bestearen atzetik inposatu” dituztenekin lerrokatu dela. Areago, EAJ eta PP neoliberalismoaren esentzia dela esan du Aranburuk, “proiektu ekonomiko eta sozial berdina” partekatzen duelako.

Gainera, Espainiako Gobernuarekin adostutako pentsioen igoerak ez du ezer bermatzen LABeko idazkari nagusiak leporatu dionez. “Ez da galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko adinako igoerarik izango, eta 2019. urtetik aurrera ez dago garbi KPIaren igoeraren araberako hazkundea izango dutenik”.

Lander Muñagorri Bilboko manifestazioan da:

Jendetza bildu da Maulen eta Baionan langileen borroka egunean

Baionan jendetza bildu da, eta besteak beste, Bizi kolektiboak etorkinen aldeko aldarrikapenak zabaldu ditu suprefekturan. Maulen bi manifestazio egin dira azken urteetan bezala, CGT, FSU eta FO sindikatuak elkartuak batetik eta LAB, ELB, eta hainbat kolektibo batera bestetik.

Baionan hiru mila pertsona bildu dira maiatzaren 1eko manifetazioa kari. Bi multzotan banatuak ziren parte hartzaileak, eta hiru leku ezberdinetan bukatu dute protesta. CGT eta FO alde batetik, departamenduari jarraiki, LAB, Unsa, eta CFDT bestetik. Bien artean burdinbideetako langileak izan dira, bukaerako bi ekitaldietara ordezkariak bidaliz: batasunerako deia luzatu dute. Beste kolektibo andana batek ere parte hartu dute: Aitzina, Fronte Soziala, Bizi, Indar Beltza, PAF…Ikasle Borroka, unibertsitateko ikasleen sindikatua lehen aldiz bere izenean atera da karrikara. Aurretik zihoan intersindikalak bukaerako ekitaldia herriko etxe gibelean egin du, bigarrenak aurrean. Bizik suprefeturaren hesiak Europara iristeko hil diren 33.305 etorkinen izenekin estali ditu, eta bertan egin du bere ekitaldia.

Maulen ohitura bilakatua da maiatzaren lehenean bi manifestazio ikustea. LABeko ordezkariek gutun bat idatzi zieten CGTko lekuko arduradunei, baina sindikatuaren departamentuko kontseiluan LABekin ez elkartzea deliberatu zuenetik ez dute Maulen ere hala egin nahi. Ondorioz, lehen manifestazioak CGT, FO eta FSU sindikatuetako kideak bildu zituen eta bigarrenik abiatu zenak LAB, Sud-Solidaires, ELB, ELB Gazte, Aitzina, BDS Xiberoa, Etxarri Kolektiboa, Linkyrik ez, Bizi Xiberoa eta Barnekalde, Aldaka et Bota Gaztetxeak, Zinka Bizirik, Tokia, Xiberoots eta Uztaro alkartea. Hilabete gutxitan “Macronen gobernuak desegite politika bortitz bat abiatu” duela salatu zuten.

 

CCOO eta UGTren ohartarazpenak

CCOO eta UGT elkarrekin atera dira Irabazteko garaia da lelopean. Hegoaldeko hiriburu guztietan deitu dituzte martxak, «enplegu eta soldata hobeen alde, eta pentsio duinen alde».

Bere diskurtsoan, Nafarroako UGTko idazkari nagusi Jesus Santosek, gaitzetsi du krisiaren irteera honetan "neorliberalismoaren aldarean sakrifikatu" nahi dituztela langileak, baina, era berean, enpresaburu elkarteei zein gobernuei gogora ekarri die kalearen indarra. "Krisiaren irteera bidegabe honek eragindako haserreak gidatuta heldu gara Maiatzaren Lehen honetara". Santosek gogora ekarri du Ibex-35eko enpresetako zuzedariek euren enpresetako langileek baino 95 bider gehiago kobratzen dutela, edo gobernuak 4.000 miloi euro erabili dituela autopisten erreskaterako. "Eta gero diote ez dagoela dirurik pentsioak igotzeko. Aberatsak babestu eta pobreei labankada jo". Halaxe laburbildu du Espainaiako Gobernuaren jarduera.

Bai Santosek bai Txetxu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak aldarrikatu dute krisiaren irteera bidezko izan dadin, funtsezkoa dela irabaziak banatzea eta lan baldintzak duintzea. Santosek gogorarazi du funtsezkoa dela lan erreformaren moduko legediak indargabetzea. Hori egin ezean, greba orokorra deitzeko prest daudela ohartarazi du. Rodriguezen arabera, ez da kasualitatea CEN elkartearen egoitza aurrean amaitzea. CENi ohartarazi dio "karta markatuekin" jokatzen ari dela, eta exijitu dio sektore hitzarmenak blokeatzeari uzteko.

Bai Santosek bai eta Rodriguezek Nafarroako Gobernuari ohartarazi diote denbora agortzen ari zaiola  enplegu plana sinatzeko. Santosen arabera, exekutiboak "presa gehiago" dauka "politika sektarioak ezartzeko", plan hori onartzeko baino. Rodriguezen arabera, langileek eurek eskatzen dute egitasmo hori "behingoz" onartzea. Gainera, bere esanetan, Nafarroa gizarte elkarrizketan "aurretik" izatetik "atzean egotera" pasa da, "bertan izan nahi ez dutenen gutizia" betetzen duelako gobernuak (ELA eta LAB kritikatuz).

Pentsioei dagokionez, Espainiako aurrekontu orokorren proiektuan onartutako neurriak "adabakiak" baino ez direla salatu dute UGTko eta CCOOko ordezkariek. "EAJ eta PP erratzen dira uste badute koiunturazko neurriekin isilduko garela. Pentsioak ez dira truke txanpon bat", kritikatu du Rodriguezek. Bere esanetan, pentsio sistemaren bideragarritasuna da benetako erronka.

Iruñean izan da Joxerra Senar:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.