Inflazioa %3,4 igo da urtebetean bai Hego Euskal Herrian bai Espainian, urte hasieran Madrilgo gobernuak jarritako %2ko helburua baino nabarmen gorago. Urtarrilean automatikoki %2 igo ziren pentsioan, baina urtean zehar galdutako eros-ahalmena berdintzeko, %1,4ko gainsaria jasoko dute pentsiodun guztiek. Hortaz, bakoitzari urte hasieran, batez beste, 147 euro ordainduko zaio.
Datorren urteari begira, kotizatutako pentsioak %3,4 igoko ditu Gizarte Segurantzak, eta pentsio minimoak %5 eta %6,5 artean. Euskal Herrian erretiro pentsiodun batek, batez beste, 29 euro gehiago kobratuko ditu hilean. Espainiako Gobernuak 1.817 milioi euroko gastua izango du. Hala ere, Jesus Caldera Lan ministroaren arabera, Gizarte Segurantzak «inoizko superabitik handiena» aurkeztuko du. INE estatistika erakundearen arabera, urtarriletik azarora %3,6 igo dira prezioak Hego Euskal Herrian. Herrialdeko datuei erreparatuz gero, azaroan Nafarroan igo ziren gehien prezioak (%0,5), eta Gipuzkoan urriko mailari eutsi zioten.
Etxebizitzaren taldean ez dira etxebizitza salerosketen prezioak sartzen, baina bai alokairuarenak eta gas eta argindarraren tarifak. Talde horretako salneurriak %6,3tik gora igo dira, batez ere gas naturalaren igoeraren ondorioz. Datorren urteari begira, gasa %5,5 eta argindarra %4,48 igotzeko asmoa du Espainiako Gobernuak. LABek oroitarazi du Espainiako Bankuaren datuen arabera irailera arte enpresek iaz baino %21,7 gehiago irabazi zutela. Enpresen negozio marjinak handitzen ari direla eta, sindikatu abertzaleak ez du ulertzen soldatak neurrian igotzeko CCOOk eta UGTk egindako deia.
Pentsiodunek, batez beste, 150 euroko gainsaria jasoko dute urtarrilean
Urtarriletik azarora bitartean kontsumo prezioak %3,6 igo dira Hego Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu