Pentsioak

Pentsiodunek ohartarazi dute Jaurlaritzaren proposamena ez dela nahikoa

Larunbatean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzten manifestazioetan parte hartzera deitu dute. "Pentsio publiko duinak" galdegingo dituzte.

Pentsio publiko duinen aldeko manifestazioa, Donostian, maiatzaren 26an. ANDONI CANELLADA, FOKU
2018ko abenduaren 11
09:39
Entzun

Pentsiorik apalenak 2020. urtean 823 euroraino osatzeko proposamena "urrats bat" dela adierazi du Gipuzkoako Adinekoen Elkarte Plataformak, baina ez da nahikoa, haren esanetan. Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak onartzeko EH Bildurekin dituen negoziazioetan gai nagusietako bat da pentsioena, eta gobernuak koalizioari egin dion proposamena baloratu du, gaur, adinekoen plataformak. Pentsiodunen helburuetatik urrun dagoela adierazi du.

Miguel Gortadi eta Antton Karrera plataformako bozeramaileek larunbateko manifestaziora deitzeko egin duten agerraldian egin dituzte adierazpenok. Azaldu dutenez, "pentsio publiko duinak" bermatzeko "konpromisoa" eskatuko diete agintariei, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioetan. Gutxieneko pentsioak 1.080 eurotan ezartzea galdegingo dute.

Plataformak ziurtatu du neurria egingarria dela eta badela horretarako nahikoa diru. Are gehiago, foru ogasunen diru bilketa %8 handitu denean, aurreko urtekoarekin alderatuta. Biltzen den aberastasuna nola banatzen den, hori da gakoa, bozeramaileen esanetan.

Bestalde, pentsiodunek Jaurlaritzari eskatu diote argitu dezala gutxieneko pentsioak osatzeko egin duen proposamena zertan datzan. Izan ere, DSBE elkarbizitza unitateei esleitzen zaie eta pentsioak, berriz, norbanakoei. Hori dela eta, ohartarazi dute oso desberdina izan daitekeela pentsioak osatzera bideratu beharreko diru kopurua; elkabizitza unitateei ala herritarrei, nori zuzentzen zaien.

Larunbateko manifestazioa "belaunaldi artekoa" izatea nahi dute deitzaileek, eta parte hartzera deitu dituzte pentsiodunen seme-alabak eta gazteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.