Unai Sordo. Euskadiko CCOOko idazkari nagusia

«Pentsioei buruzko akordioa ez lortzearen kostua handiagoa zen»

Ez zetorren bat Espainiako Gobernuaren erreforma proposamenarekin eta epeekin, baina testuingurua ikusita pentsioen erreformari buruzko akordioa ona dela uste du.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Bilbo
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Madrilgo akordioaren oihartzunak apalduta, langileei akordioaren arrazoiak eta mamia azaltzeko egunak dira Unai Sordorentzat (Bilbo, 1972). Eskualdez eskualde dabil, sindikatuko ordezkariei azalpenak ematen.

Nola ari zara azaltzen CCOOko ordezkariei Madrilgo akordioa?

Akordioa lortu dugula testuinguru oso konplikatuan, pentsioen sistema publikoaren sinesgarritasunari sekulako erasoa egin zaionean eta Espainiako Gobernuak pentsioen etorkizunari buruz neurri izugarri gogorrak planteatu dituenean. Bertan behera utzi ditugu gobernuaren hainbat proposamen, eta testu orekatuagoa hitzartu dugu. Pentsio sistema publikoa zegoen jokoan.

Kontrako iritziak jaso al dituzue?

Ez. Komunikabideen kolpe mediatikoaz haratago, akordioa, testuingurua eta akordio faltaren ondorioak azaltzen dizkiegunean ulertzen dute langileen etorkizunerako onena egin dugula.

Beren eskubideak murriztuko dizkietela esaten al diezue?

Ez. Pentsio sistema publikoaren gastua gutxitu egingo da datozen bi hamarkadetan, hori ezin da ukatu, baina ez dira eskubideak murriztu. Erreformako gai izarra, erretiro adina guztiei 67 urtera atzeratzea, mugatu egin dugu. Iaz erretiratu zirenak 2027an erretiratuz gero, gehienak 65 urterekin edo gutxiagorekin erretiratuko lirateke. Proposamen zurrun bat malgutu eta orekatu egin dugu.

Baina lan merkatua dagoen bezala, 2027an erretiratuko direnek nekez lortuko dute 38 urte eta erdiz kotizatu eta 65 urterekin erretiratzea pentsio osoa jasota. Espainiako Gobernuaren arabera, 2027an langileen %40 erretiratuko dira 67 urterekin.

Egia da kotizazio karreren baldintzak gogortu egin direla. Dena den, ekonomiaren eta lan merkatuaren bilakaerak ere eragin zuzena izango du sisteman.

Espainiako Gobernuaren proposamen nagusiak erretiro adina 67 urtera atzeratzea eta pentsioa kalkulatzeko orduan azken 25 urteak aintzat hartzea ziren. Lortu du.

Pentsio kontributibo bat jaso ahal izateko 15 urtean korizatu beharrean 17 urtean kotizatzea ere nahi zuen, baina negoziazioan kentzea lortu dugu. Kalkulu epea handitu egin da, baina horrek ondorio oso ezberdinak ditu norberaren kotizazio karreraren arabera. Pentsioaren kalkulu epea handitu egin da, eta gaur egun pentsioa murriztea suposatuko duen arren, jaitsiera askok diotena baino txikiagoa da.

%10ekoa, iturri ezberdinen arabera.

Gure datuen arabera, txikiagoa.

Pentsio sistemaren erreforma sakonena izateko, Espainiako Gobernuak aldez aurretik ezarri ditu helburuak, eta negoziazioa korrika eta presaka egin da. Negoziazio dei al dakioke?

Negoziazioa izan da, negoziazio gogorra. Pentsio sistema publikoa aldatu behar zela uste dugu, erronka demografiko bati aurre egin beharko diolako; baina ez gatoz bat gobernuaren presarekin. Zapaterok Bruselan esan zuen pentsioen erreforma egingo zuela. Helmuga ere zehaztu zuen: erretiroa 67 urtera atzeratzea, kalkulu epea handitzea eta pentsioa jasotzeko 17 urtez kotizatzea. Horrek prozesua baldintzatu du.

Akordioa «arrazoizkoa» eta «oso positiboa» izan dela esan izan duzu. Ez al da balorazio baikorregia? Ez al da egokiagoa esatea kaltea txikitu duzuela?

Arrazoizko negoziazioa eta emaitzak lortu ditugu, testuingurua ikusita. Akordioa ez lortzearen kostua askoz ere handiagoa izango litzateke: 67 urteko erretiro adina guztientzat; 41 urtez kotizatu beharra pentsio osoa jasotzeko; pentsioen inguruko adostasuna, Toledoko Ituna, hautsita; eta elkarrizketa soziala hautsita, hau da, negoziazio kolektiboari buruzko erabakiak gobernuak bakarrik hartzeko mehatxua.

Erreformak pentsio sistema publikoaren etorkizuna bermatzen duela esan izan duzue, baina Espainiako Gobernuak finantza merkatuentzat egin du erreforma, dirua aurrezteko.

Bai. Nahita egin duen akatsa izan da pentsio sistema publikoa krisi egoera bati lotzea. Akats izugarria da, pentsio sistema publikoak orain ez baitauka defizita eta bideragarria baita arrazoizko erreforma batzuk eginda. Akats hori konpontzea lortu dugu. Luzerako erreforma da; beraz, praktikan, ezin da interpretatu defizit publikoa murriztuko duen neurri gisa.

Espainiako Gobernuak pentsio sistema pribatuak bultzatu nahi izatea kritikatu izan duzu, baina akordioak dio pentsio sistema pribatuak gehiago bultzatu behar direla.

Sistema osagarriek osagarriak izan behar dute. Espainiako pentsio sistema publikoan ordezkapen tasa oso handia da, hau da, batez beste pentsioa langilearen azken soldataren %85-90 ingurukoa da. %100era iristeko falta dena osatzeko balio behar dute sistema osagarriek, ez ordezkatzeko.

Akordioak dio 2027tik aurrera sistema bost urtean behin berrikusiko dela, bizi-itxaropenaren aldaketak aintzat hartzeko. Ez al da erretiro adina gehiago atzeratzeko tresna?

Gobernuak bizi-itxaropenaren aldaketek erretiro adinean ondorio automatikoak izatea nahi zuen, baina atzera egitea lortu dugu.

Erreforma prozesua norabide bakarrekoa izan da, alternatibak aztertu gabe. Pentsioen zati bat aurrekontuetatik ordaintzea, esaterako. Aukera horren alde al zaude?

Eztabaida oso interesgarria da. Akordioan badago zenbait kasutan pentsioak zergen bidez ordaintzeko aukera. Batzuek oso modu alaian esaten dute pentsioak zergekin ordaindu behar direla, baina, nola; zein zergekin eta zenbat dirurekin egin behar den esan behar dute. Gerta baitaiteke diskurtso erraz horren ondorioz enpresei kotizazioak jaistea eta herritarrei zergak igotzea.

Zergekin ordaintzea zerga politika berrikusteari lotuta dago.

Baina zenbakiekin hitz egin behar da; bestela, arriskutsua da. Kopuru oso handiak dira, BPGaren zenbait puntu.

Bai CCOOk bai UGTk esan duzue erreforma aldatzen lagundu dizuela irailaren 29an antolatu zenuten greba orokorrak eta beste greba bat egiteko mehatxuak. Gobernua erreforma onartzeko prest zegoen, zuekin edo zuek gabe.

Grebak sindikatuen rola indartzeko balio izan du negoziazioetan. Espainiako Gobernua erreforma bere kabuz egiteko prest zegoen, komarik aldatu gabe, Kongresuan beharrezko babes politikoa lortuko baitzuen. Beste greba orokor batekin ez genuke erreforma negoziazioetan bezainbat aldatzea lortuko. Greba hori ez litzateke akordioa bezain eraginkorra izango. Asmatu dugu.

Europan zuek bakarrik babestu dituzue gobernuen murrizketak.

Politiketan eragiten saiatzen ari gara, mobilizazioak eta negoziazioak bateratuz. Europan sindikatu gehienek gatazkaren bidea aukeratu dute, baina ez dituzte erreformak baldintzatu.

Negoziazio kolektiboaren erreforma abian da. Zer gertatuko da?

Hasteko, Espainiako Gobernua negoziaziotik kanpo geratu da.

Hori ona al da?

Erabat. Prest zegoen ultraaktibitatea kentzeko eta negoziazio kolektiboa enpresara eramateko. Eta egiten hasi zen, lan erreformaren bidez erraztu egin baitzuen enpresek lan hitzarmena bertan behera utzi ahal izatea.

Madrilgo akordioak dio lehentasuna emango zaiela Estatuko hitzarmenei. Autonomietakoak eta probintzietakoak desagertzeko arriskua al dago?

Ez. Guk Euskadiko negoziazio kolektiborako esparru bat babestuko dugu, lan baldintzak gure errealitate sozioekonomikotik abiatutako arautuko dituena. Bi eremuak bateragarriak eta osagarriak izatea babestuko dugu.

Egia da etorkizunean garrantzia izango duten gai asko enpresan negoziatu beharko direla. Gaur egun behin-behineko kontratuen eta kaleratzeen bidez egiten diren egokitzapenak barne malgutasunagatik ordezkatu behar dira, langileekin hitzartuta beti ere. Baina guretzat garrantzitsua da enpresa mailako negoziazioak sektoreko erreferentzia izatea. Enpresak oso txikiak dira, eta beharrezkoa da sektoreko euskarri bat izatea, bestela lan harremanak indibidualizatzeko arriskua baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.