Espainiako Diputatuen Kongresuak ere oniritzia eman ostean, tramite guztiak gainditu ditu pentsioen erreformak. 2013an jarriko da indarrean. Ordutik aurrera, Hego Euskal Herriko eta Espainiako langileek urte gehiagoan lan egin beharko dutela pentsio osoa kobratu ahal izateko.
Erretiro adina 65 urtetik 67 urtera atzeratuko dela, hori da erreformaren puntu nagusietako bat. Bi zatitan egingo da aldaketa: 2013tik 2018ra bitartean, urtero hilabete bat atzeratuko da erretiro adina. 2019tik 2027ra bitartean, berriz, urtero bi hilabete, eta orduan iritsiko da erretiro adina 67 urtera. 65 urterekin hartzen jarraitzea ere posible izango da, baina 38,5 ute edukiz gero kotizatuta.
Pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren urteetan ere ekarriko du aldaketa ereformak. Orain artean, azken hamabost urteekin egiten ziren kontuak; aurrerantzean, azken 25 urteekin. Adituen arabera, pentsioak txikitzea eragingo du horrek. Hirugarren aldaketa kotizatu beharreko urteetan izango da. 35 urtetik 37 urtera pasatuko da, eta aurretiazko erretiroa hartu ahal izateko, 63 urte eduki beharko dira, eta 33 urte kotizatuta.
«Inoizko erasorik handiena»
Atzo onartutako erreforma pentsio sistemari «inoiz egin zaion erasorik handiena» dela salatu du euskal gehiengo sindikalak. Milaka euskal herritar haren aurka daudela azaldu dute ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruko ordezkariek, eta hala erakutsi zutela greba orokorra eginez. CCOO eta UGTren jarrera kritikatu dute, erreforma babesteagatik; era berean, EAJri eta UPNri aurrera atera ahal izateko laguntza ematea leporatu diete. Prozesua «ezkutukeriaz» egin dela diote.
Pentsioen erreformak gainditu ditu tramite guztiak
2013an jarriko da indarrean; 2027tik aurrera, 67 urtera arte lan egin beharko da pentsio osoa jasotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu