Pentsioen erreforma errefusatzeko martxoaren 8an kalera irteteko deia egin die emakumeei gehiengo sindikalak. Erretiroa 65 urterekin hartzeko baldintzak, pentsioaren %100 kobratzekoak edo erretiro aurreratua eskatu ahal izatekoak oso andre gutxik beteko dituzte ELA sindikatuko Jone Bengoetxearen esanetan. "Ez dute lortuko lanaldi partzialetan diharduten emakumeek, aldi baterako kontratuarekin ari direnek, pertsonak zaintzen ibili direlako kotizazio aldian hutsuneak dituztenek edo ekonomia ezkutuan ari direnek". Horregatik, erretiroa hartzekotan dauden emakumeei ez ezik, gazte izan eta horretarako adina urruti ikusten dutenei ere kalera irteteko deia egin diete.
"Behin eta berriz entzun arren emakumeok ez ditugula krisiaren ondorioak hainbeste sufritzen, ez da egia", ohartarazi du Ana Perez EILAS sindikatuko kideak. Zuzenean lanpostua galdu ez duten emakumeek euren bikotekidearen lan galera bizi dutela dio. "Eta horren ondorioz emakumeok gara lan prekarioenak hartzen ditugunak egoera horretatik irteteko". Gainera, gizarte zerbitzu publikoak "desmantelatzen" ari direla salatu du. Gizarte zerbitzuek egingo ez dutena, emakumeek egin beharko dutela dio Perezek, eta gainera desagertzen ari diren lanpostu horien jabe gehienetan emakumeak direla azpimarratu du.
Egoera aldatzeko Lan Harremanen eta Gizarte-Babeserako euskal esparruaren beharra aldarrikatu du LAB sindikatuko Zaloa Ibeasek. "Lanpostu duina bermatzea eskatzen dugu, benetako berdintasunerako politikak garatzea, eta lana eta familia uztartzeko politiketan urrats bat gehiago eginez erantzunkidetasunaren aldeko apustua", aldarrikatu du.