Pentsio sistema eraldatzeko asmoari kalean «erantzun sendoa» eman behar zaiola azaldu du ESK sindikatuak. Hori dela eta, euskal gehiengo sindikalak urtarrilaren 27rako iragarri duen lanuzte orokorrera deituko du. Grebarekin bat ez egiteko aitzakiarik ez dagoela uste du ESK-k, eta gogor kritikatu du UGTk eta CCOOk aukerari bizkarra ematea Madrilen erreforma negoziatzen ari diren bitartean.
ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek lanuztera deituko zutela iragarri zuten joan den abenduaren 23an, Iruñean egindako ekitaldi batean. ESK gehiengo sindikaletik at geratu zen, irailean UGTk eta CCOOk deitu zuten lanuztearekin bat egin eta gero. Hala ere, pentsioen erreformaren kontrako mobilizazio eguna sustatuko zuela iragarri zuen joan den abenduaren 27an ESK-k, eta dei egin zien sindikatu guztiei horren alde aritzeko.
Gehiengo sindikalari buruzko hitzik ez atzoko agerraldian. Bai, ordea, UGTk eta CCOOk duten jarreraren aurka. Xabier Barber ESK-ko zuzendaritzako kidearen ustez, bi sindikatu horiek «hanka sartu dute» mobilizazioei bizkarra emanda. «Pentsioen murrizketa negoziatzen tematu dira, txotxongiloarena eginez», Barberren aburuz.
Urtarrilaren 28an pentsio sistemaren moldaketa onartuko du Espainiako Gobernuak. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearen arabera, erabakia hartuko dute, eragileekin akordioa egon edo ez egon. Hala ere, lauzpabost egun daramatza edukia UGTrekin eta CCOOrekin negoziatzen. Besteak beste, erretiratzeko adin ofiziala 65 urtetik 67 urtera atzeratu nahi du gobernuak. Halaber, pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko erabiltzen den urte tartea handitzeko borondatea du.
Argudio «faltsuak»
Greba eguna baino lehen kanpaina zabal bati heltzea da ESKren helburua. Horren bidez, erreforma beharrezkoa dela defendatzeko erabili diren «argudio faltsuak» salatu eta langileei azaldu nahi dizkie sindikatuak. Lantokiz lantokiko azalpenez gain, hitzaldiak prestatzen ere ari dira, Frantziako sindikalistek herrialde horretan egondako erreforma eta mobilizazioak azal ditzaten. Erantzuteko beharra ere deialdia sustatzeko erabiliko duen lelora eraman nahi izan dute: Eskura dezagun kalean parlamentuan kentzen digutena.
«Gezurretan ari dira, ez dago erreforma egiteko inolako beharrik», esan zuen Josu Balmaseda ESK-ko ordezkariak deialdiaren aurkezpenean. Populazio guztiaren kontrako erasoa bada ere, bereziki kaltegarria izango da emakumeentzat eta gazteentzat, haren irudiko. «Emakumeek lan merkatuan duten toki txarraren ondorioz, eta gazteek geroz eta egonkortasun gutxiago duen lan merkatu batean urte gehiagoz egon beharko dutelako».
Lanuzte orokorra babesteko eta parte-hartze aktiboa izateko deialdi berezia egin die sindikatuak Hego Euskal Herrian lanik gabe dauden 170.000 pertsonei. «Ez soilik pentsio duin baten alde, baita krisia gehien sufritzen ari direnen aldeko politika publikoak exijitzeko ere», Balmasedaren hitzetan.
Pentsioen erreformaren aurka «erantzun sendoa» bultzatuko du ESK-k
UGTk eta CCOOk hilaren 27ko lanuzte orokorrari bizkarra ematea «hanka-sartzea» iruditzen zaio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu