Bi urte baino gehiago joan dira pentsiodunek kaleak hartu zituztenetik. BERRIA egunkariak mugimendu hari gertu-gertutik jarraitzeko konpromisoa hartu zuen, eta Jon Fernandez kazetaria (Ondarroa, Bizkaia, 1986) buru-belarri sartu zen ahots haserre horien atzean zeuden pertsonak eta arrazoiak ezagutzeko lanean.
Jakin-mina analisi sakon bihurtu du orain Pentsioen geroa. Eztabaida sozial baterako gakoak (Aleka, 2020) liburuarekin. Gaur aurkeztu du Martin Ugalde foroan eta BERRIAk zuzenean eman du webgunean. Fernandezek giltzarriak eman ditu sistemak har ditzakeen bideak eta horien zergatiak ulertzeko.
Pentsioen sistema bideragarria ote den galdetuta, adituek «garbi» azaldu diote Fernandezi fokua ez dela gastuen atalean bakarrik jarri behar, baizik eta diru sarreretan. «Ekonomistek diote gastua arrazionalizatu behar dela, bai, baina badela marjina kotizazioak igotzeko, aurrekontuen bidez hornitzeko ere». Kazetariaren arabera, benetako eztabaida honetan datza: sistemari «bere hartan eutsi» behar ote zaion. «Kotizazioak berdin pentsioak ariketa hautsi egin behar da agian». Esaterako, enpresen irabaziak ariketan sar daitezkeela adierazi du. Lan merkatua «prekarizatuta» egoteak kotizazioak jaisten dituela azaldu du. «Aditu batzuek diote kotizazioak ez direla soilik soldaten arabera finkatu behar, irabazien arabera ere ezar daitezkeela».