Behin eta berriz saiatu da Yahooko sortzaile eta buru Jerry Yang enpresa zulotik ateratzen , baina ezin izan du gehiago, eta, azkenean, amore eman du. Microsoften erosteko eskaintzari ezetz esan zion birritan. Eskaintza tentagarria zen enpresa 47.000 milioi dolarren truke saltzea, baina ezezkoa izan zen bere erantzuna.
Yangek orduan burugogor jokatu zuen Microsoftekin. Akzio bakoitza 33 dolarrean erosteko prest azaldu zen Bill Gatesen software enpresa. Balio horrek Yahoo «gutxietsi» egiten zuela iritzi zion Yangek, eta 37 dolar baino gutxiagoren truk ez saltzea erabaki zuen. Handinahiak itsutu egin zuen, eta ordutik aurrera goitik behera egin zuen Yahook burtsan: atzo akzio bakoitzak 10,63 dolar balio zituen.
Hortik aurrera, ez zaizkio gauzak oso ongi atera Yangi: enpresak balioa galtzearekin batera, inbertitzaileen presioari aurre egin behar izan dio. Bestalde, Googleekin egindako aurre akordioa ere ez zen aurrera atera. Orduan etsaiarekin -Google- aliatzea otu zitzaion. Yahooren asmoa aliantza horretatik 800 milioi euroko irabaziak lortzea zen, Googlek bideratutako iragarkiak jasota. Gainera, finantza krisiaren testuinguruan gertatu da guztia.Eta hori gutxi balitz bezala, Yangek dimisioaren berri eman zuenean Yahooren akzioek %15 egin zuten gora.
Hemendik aurrera, beste estrategia batzuen bila hasi beharko du Yahook. Aukeren artean distira handiena egiten duena berriz ere Microsoftek enpresa erosteko eskaintza egitea izan daiteke hainbat komunikabideren arabera.
Yang izango da buru administrazio kontseiluak ordezko berri bat bilatu artean, baina oraingoz jakiteko dago nork beteko duen postu hori. Horietako bat Peter Chernin News Corporationeko presidentea izan daiteke, Internetekin lotutako taldeekin esperientzia handia baitauka. Yahoo enpresaren barruan aipatzen diren izenetako batzuk Sue Decher, Maggie Widerotter eta John Capple dira.Aizpea Amas
PERTSONAIA. Yahooko buru 'gogorra'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu