Petrolioaren prezioa igotzen ari da egunetik egunera. West Texas upelak 75 dolarreko muga gainditu zuen atzo, petrolio mota horren urteko prezio garestiena. West Texas upela urte hasieran baino %69 garestiago zegoen atzo. Abuztuan ere iritsi zen 75 dolarrera, baina ez zuen gainditu. Europan erreferentzia den Brent upela 73 dolarretik pasatu zen atzo.
Petrolioaren garestitzean zerikusia du eskaria handitzeak, baina baita dolarraren ahultasunak ere. Dolarraren ahuldadea ikusita, inbertsiogileak lehengaien merkatuetan inbertitzen ari dira, urrean eta petrolioan batez ere, beren ondarea babesteko.
Gainera, beste moneta batzuk erabiltzen dituztenentzat merkeagoa da petrolioa dolarretan erostea, eta horrek eskaria handitzen du. Euroak, esaterako, 1,49 dolarreko balioa gainditu zuen atzo, dolarrak euroarekiko izan duen maila apalena iazko abuztutik.
Nobuo Tanaka Nazioarteko Energia Agentziako (EIA) atzo esan zuen kezkatuta daudela petrolioaren garestitze azkarragatik, horrek ekonomiaren suspertzean eragin dezakeelako.
Eskari handiagoa
Petrolio eskariak gora egingo duela uste dute Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) eta IEAk. LPEEk txikitu egin du aurten petrolio eskariak izango duen jaitsiera: 1,4 milioi upel gutxiago egunero; irailean, berriz, jaitsiera 1,6 milioikoa izango zela esan zuen. Era berean, handitu egin du datorren urtean eskariak izango duen hazkundea, eguneko 500.000 upeletik 700.000 upelera. 84,93 milioi upel egunero guztira.
LPEEren esanetan, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundetik (OCDE) kanpoko herrialdeek eragingo dute petrolio eskariaren igoera, Txinak eta Indiak batez ere.
IEAk ere uste du irailean esan zuena baino petrolio gehiago kontsumituko dela, bai aurten, bai datorren urtean. Aurten, 490.000 upel gehiago egunero, eta, 2010ean, 450.000 gehiago. IEAk lau hilabetez jarraian handitu ditu egindako prebisioak.
IEA OCDEren menpeko erakundea da, eta OCDEko herrialdeetako datuek eragin dute prebisio berria, Ipar Amerikakoenak batez ere.
Prebisioak igo dituzten arren, aurten iaz baino petrolio gutxiago kontsumituko dela uste dute LPEEk eta IEAk, %1,65 eta %2,2 hurrenez hurren.
Faith Birol IEAko ekonomista buruak atzo ohartarazi zuen petrolio konpainiek iaz %20 murriztu zituztela prospekzioetan eta ustiapenetan egindako inbertsioak, eta horrek petrolioaren prezioa garestitu dezakeela eskaria handitzen denean. «Ondorioz», gehitu zuen Birolek, «suspertze ekonomikoa ahuldu dezake».
Petroli upelak urteko prezio garestiena lortu du
Suspertzeari buruzko albisteek eta dolarraren ahuldadeak eragin dute West Texas upelaren garestitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu