Petrolio ekoizpenari eustea erabaki du LPEEk

Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea «oso pozik» dago upelaren gaur egungo prezioarekin

Erredakzioa
2010eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Lurralde Petrolio Esportatzailen Erakundeak (LPEE) ez du ekoizpen kuotetan aldaketak egiteko beharrik ikusi. Hala, egunean 24,84 milioi petrolio upel ekoizten jarraituko du aurrerantzean ere. Kopuru hori iazko urtearen hasieran ezarri zuen, eta ondo bidean, horri eutsiko dio urriaren 14ra arte gutxienez, erakundea osatzen duten herrialdeetako ministroak orduan bilduko direlako berriz.

Germanico Pinto Ekuadorko Petrolio ministroa da LPEEko txandakako presidentea, eta azaldu duenez, ziurgabetasun garaiotan, merkatuak egonkortzea da erakundearen erronka nagusia. Ez dago prest merkatuetara okerreko seinaleak igor ditzakeen erabakirik hartzeko. «Ez dugu egungo giro zoriontsua nahastu nahi». «Eskaria ona da, hornikuntza fidagarria, eta prezioa polita; oso pozik gaude», laburtu du Ali al Naimi Saudi Arabiako Petrolio ministroak.

Petrolio upelaren prezioa 70 eta 80 dolar artean ibiltzea egokitzat jo du LPEEk. «Prezio horiek arrazoizko egonkortasuna ekarri dute merkatuetara, eta uste dugu une hauetan ez dela beharrezoa ekoizpen baldintzetan inolako aldaketarik egitea». Egunotan, baina, erakundeak egokitzat jotzen duenaren gainetik dabil Brenten salneurria. Atzo, esaterako, upela 81,20 dolarrean saldu zen Londresko merkatuan.

Ekoizpen kuotetan aldaketarik iragarri ez, baina, ezarritako kopuruak zorrotz errespetatzeko bideak aztertuko dituztela esan du Pintok. Izan ere, zehaztutakoa baino gehiago ekoizten dute LPEEko kide guztiek, Irakek salbu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.