2014ko abendura egin behar da atzera Brent petrolio upela hain garesti topatzeko. Ordutik, lehenengo aldiz gainditu du gaur Brent upelak 80 dolarreko langa. Upela garestitzen ari da, apurka-apurka, 2016az geroztik, baina azkenaldian nabarmen egin du gora prezioak, batez ere bi aldagaik bultzatuta: AEBek zigorrak jarri dizkiotelako berriz ere Irani, eta Venezuelako krisiak herrialdeko petrolio ustiapena murriztu duelako.
Inbertsiogileak beldur dira mundu mailan petrolio hornidura motz geratuko ote den, Venezuelaren eta Iranen ekoizpena txikitzearen ondorioz. Donald Trumpek itun nuklearraren inguruko akordiotik atera du bere herrialdea, eta Iranen kontrako zigor ekonomikoak iragarri ditu. Erreakzioak berehala etorri dira: Total petrolio konpainia frantziarrak, esate betareako, atzo iragarri zuen bertan behera utziko duela Irango South Pars 11 proiektua —munduko gas hobi handienetako bat—. Totalek azaldu duenez, bere finantzaketaren %90 AEBetako erakundeetatik jasotzen du, eta ez du nahi finantzaketa arriskuan jarri Iranen lanean jarraituta.
Brent petrolio upelak goia jo zuen 2014ko udan, 116 dolarretara ailegatuta; harrezkero, gehiegizko eskaintzak eraginda, hondoratu egin zen prezioa, 2016ko urtarrilean 28 dolarreko minimoa jota. Upelaren ordaina igotzeko asmoz, produkzioa murriztea erabaki zuten Errusiak eta LPPE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideek, Saudi Arabia buru. Ekoizpena mugatuta jarraitzen dute herrialdeoak, eta upelaren prezioak gora egin du poliki-poliki azken urtean. Halaber, urre beltza garestitu ahala, berriro indartu da AEBetako sektorea, haustura hidraulikoaren teknikoa darabilena, eta marka historikoetara igo du ekoizpena, egunean 10 milioi upeletik gora ekoitziz.