ENERGIA

Petrolio upelaren salneurriak 72,5 dolarren muga gainditu du

Iranengatik eta Nigeriarengatik petrolio hornidura arriskuan egon daitekeela pentsatu ei dute merkatuek

Irune Lasa.
2006ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
AEBetako presidente George W. Bushek esan du, «aukera guztiak mahai gainean egon arren», kontzentratuta dagoela nazioarteak Iranekin duen gatazkari irtenbide diplomatikoa topatzen: eta petrolioa atzera inoizko salneurri garestienean salerosi zen atzo bai Londresen bai New Yorken.

Gatazka geopolitikoak areagotu diren heinean joan da urre beltza garestitzen. Iragan ostegunean ekainean entregatzeko Ipar Itsasoko Brent upelak 70 dolarreko hesi psikologikoa gainditu bazuen, atzo beste muga, 72,5 dolarrekoa, igaro zuen eta 72,64 dolarrak iritsi ostean, 72,51ean itxi zuen eguna Londresen. Atlantikoaren beste aldean, berriz, igarotako muga 71 dolarrekoa izan zen. 71,60 dolarrean kotizatzen ibili ostean, Texas upelak 71,35 dolarrean itxi zuen atzoko jarduna New Yorkeko merkatuan.

Iran eta Nigeria

Aldagai asko dira upelaren gorabeheratan eragina dutenak. Eta azkena, Iranek dagoeneko abian jarria duen programa nuklearra da. «Nazioarteko komunitatea» deitzen dioten horrek, eta batez AEBek adierazpen gogorrekin erantzun diote joan den astean Mahmud Ahmadineyadek egindako adierazpenei. Irango presidenteak erregai nuklearra egiteko ekoizpen zikloa osatzea lortu zutela esan ondoren, eta Bushen hitzen ondoren, herrialdearen aurkako eraso militar baten hipotesia are hurbilago ikusi dute merkatuek. Izan ere, AEBen eta Europako Batasunaren ustez, ikerketa horrekin arma atomikoak egitea du helburu Iranek, eta aldiz, herrialde horren arabera, uranio abestuak erabilera zibila soilik izango luke

Washington beste hainbat herrialderekin harremanetan dago Teheranek uranioa aberasteko ikerketa hori bertan behera utz dezan presio egiteko. AEBek nahi duten presio horren barruan legoke Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak zigorren bat ezartzea Irani, hala nola, aktiboak izoztea edota bisatuak murriztea. Nigerko Deltako egoera gatazkatsua ere argudio gisa erabili dute adituek petrolio garestia esplikatzeko. AEBetako bosgarren petrolio hornitzailea den herrialdeak %20 petrolio gutxiago ekoizten du azken asteotan, hango findegiak gerrillaren erasoak zuzenean nozitzen dituenetik. Gauzak horrela, eta iraniarren eta nigeriarren etorkizuna ikusteko dagoela, auto erabiltzaileen poltsikoa ia ziur zigortuta geldituko dela, ez baitirudi petrolio upelaren salneurria berehalakoan apalduko denik, ez behintzat behinola ezagututako 50 dolarren azpiko mailetara. Dena den, orain artean munduko ekonomiak eutsi dio petrolio garestiari. Hori bai, 50-60 dolarreko upelari eustea gauza bat da eta beste bat upelaren urteko batez besteko prezioa 70 dolarren gainetik jartzea. Hain zuzen, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak arrisku horren aukera jaso du bere apirileko txostenean. LPEEren ustez, energiaren salneurri garestiak mehatxupean jar dezake munduko ekonomiaren hazkundea. Eta mehatxu hori handiagoa litzateke, kartelaren arabera, «interes tasen igoeraren presioaren mendean» dauden herrialdeetan. Dena den, adituek ez dute atzeraldi ekonomikoaz hitz egiten oraindik, ekonomiaren balizko geldotze bati buruz baizik. Eta arrisku hori LPEEren aurreikuspenetako bat bakarrik da. Esportatzaileen erakundearen txostenak jasotakoaren arabera, munduaren petrolio eskaria aurretik iragarri zuena baino gehiago murriztuko da aurten, eguneko 1,43 milioi upeletaraino (1,46 milioi upelekoa zen aurreko aurreikuspena). Izan ere, beti ere erakundearen ustez, prezio garestiek eurek apalduko ei dute eskaria bera.

LEHENGAI METALIKOAK



 

Kobrearen eta zinkaren prezioek marka guztiak hautsi dituzte Londresko merkatuan





Kobrearen prezioak azken bederatzi urteotako igoerarik indartsuenaizan zuen atzo. Hala, %5,2 garestitu eta tonako 6.470dolarrera heldu zen Londresko merkatuan, historiako salneurririk handiena lortuz. Zink tonaren prezioa, berriz, %4 handitu zen, eta 3.125 dolarrera iritsi. Hark ereerrekor guztiak hautsi zituen.

Lehengai metalikoen prezioen igoera, ordea, ez da gauza berria. Ez da soilik atzoko kontua. Txinak eta beste hainbat ekonomiak lehengai horien gaineko eskaria handituko duten aurreikuspenak, eta erakunde inbertitzaileen erosketak dira prezioak etengabe igotzearen erantzuleak. Eta urtebetean kobrearen balioa bikoiztea eragin dute. Hala, 2004ko otsailean 3.000 dolarrean eskuratu zitekeen kobre tonak, egun %116 gehiago balio du.Kobreaz eta zinkaz gain,baina, ontza urrearen prezioak ere ezin izan zion hazteko tentazioari eutsi. Hala, 1980tik lortutako mailarik handiena iritsi zuen, 618,90 dolar; eta ontza zilarrak, 1983az geroztik lortutakorik handiena, 13,70 dolar, alegia. Pentsio funtsen, hedge fundsen eta Asiako banku zentralen eskari indartsua da azken hamabi hilabeteotan urrearen balioa %44an igotzearen eta zilarraren balioa bikoiztearen erruduna. Etengabeko goranzko joerek behartuta, adituek euren aurreikuspenak zuzendu dituzte, eta aurten zilarra uste zutena baino %32,7 gehiago garestituko dela ohartarazi dute. Ontza urrearen balioak ere goraka jarraituko duela uste dute, eta bi urte barru, ontza baten truke 750 dolar ordaindu beharko direla. Kobrea eta zinka, berriz, uste baino%20 eta %27 gehiago ari ei dira garestitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.