Petrolioa izurritetik babesteko negoziazioak hasi dituzte

Petrolio upel bat, Brasilgo hondartza batean. EFE
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 9a
13:08
Entzun

COVID-19tik salbu jarri nahi dute urre beltza. LPEE+ Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen barruko eta kanpoko potentziek negoziazioak abiatuko dituzte ostegun honetan, koronabirusaren ondorioek eragin duten eskariaren jaitsierari aurre egiteko eta azken hilabeteetan pilatutako stock-aren ondorioz sortu den prezioen gainbeherari eusteko txertoa bilatzeko.

Munduko ekoizpenean murrizketa handi bat egitea; hori dute mahai gainean. Eskariaren ia herena galdu da, eta 2002tik ikusi ez ziren mailetan dago petrolioaren prezioa, iaz baino %70 merkeago.

Ostegun goizean, 34 eurotan zegoen Brent upela. Ezohiko kopuruetan, azken hilabeteetako prezio altuenetariko baita hori —25 euro ingurutan egon da azkan aldian—. Bileran akordio bat izan daitekeen aukerak hauspotu du igoera. Horrek upelaren prezioak 32 euro edo gehiagora berrezarriko luke. Baina LPEEk eta Errusiak akordiorik ezak, 9 euroko jaitsiera eragin dezake

Merkatuek itun bat espero dute orain, eguneko 10 eta 15 milioi upel artean merkatutik kentzeko, hau da, iazko munduko batez besteko ekoizpenaren %10 eta %15 artean (10-15 mbd). Zalantza nagusia da adostutako bolumenak konpentsatu ote dezakeen eskariaren jaitsiera izugarria.

Energiaren Nazioarteko Agentziak (AIE) —1973ko krisian LPPEren arerio moduan sortutako erakundea— kalkulatu duenez, munduko petrolio eskaria 20 mbd-ra jaitsi daiteke hiruhileko honetan, COVID-19ren hedapena geldiarazteko neurrien ondorioz.

30 bat herrialdek parte hartuko dute telekonferentzia bidezko bilerara, eta oso litekeena da egun batzuk luzatzea negoziazioak. Bertan parte hartuko dute LPEEko 13 bazkidek, Saudi Arabia gidari dutela, eta Errusia buru duten beste ekoizle batzuek ere. AEBeek ez dute parte hartuko, baina gertutik zainduko dituzte negoziazioak. Bera da munduko petrolio ekoizle nagusiena (15 mbd; Saudi Arabiak 12 mbd eta Errusiak 11 mbd). Zenbait analisten arabera, akordiorik ez balego, AEBek beren ekoizpena ia erdira murriztu beharko luke.

Gatazka «global» bat

Negoziazioak gogorrak izango dira, baina Saudi Arabiak eta Errusiak prezioen gerrari amaiera emateko prest daudela erakutsi dute azken egunotan.

Zalantza nagusia da AEBek murrizketekin bat egingo ote duten, Errusiarentzat eta Iranentzat ezinbesteko eskakizuna baita. Funtsezkoa izango da AEBek zer-nolako presioa egiten dioten Saudi Arabiari. Haren mezu publikoa argia izan da joan den hiletik: ekoizpena murriztuko du, baina beste batzuek ere egiten badute bakarrik. Murrizketa berriek globalak izan behar dute: konprometitu behar dira LPEE eta Errusia, baina baita AEBeak, Brasil eta beste batzuk ere. Eskaera bera egin du Errusiak.

Moskuk martxoaren hasieran termino horiek ez onartzeak lau urteko ituna hautsi zuen eta prezioen gerra piztu. Baina jarreraz aldatu du azken hilabetean. Pozik zirudien prezioen erorketarekin, kaltetu nagusia AEBetako petrolio sektorea izaten ari zelako. Baina mundu mailan sortu den stock-a dela eta, bere petrolioarentzako erosleak aurkitzeko borrokan ari da orain, eta upela 20 euro inguruan mantentzeko aurreikuspenek ere eraman dute atzera egitera, beste inplikatuek bezala.

Errusiak jada aurreratu du bere jarrera: aurreko hiruhilekoan produzitutakoa %14 gutxitzekoa asmoa agertu du, Kremlineko iturriak aipatu TASS berri agentziak jakinarazi duenez. 1,6 milioi upel produzituko lituzke egunean —mundu osoan 70 milioi dira—.

Beste aldean, Saudi Arabiak ez du bere asmoen berri eman. Baina negoziaketen hasierarekin batera AEBetako Wall Street Journalek jakinarazi du azken asteetan Saudi Arabiak Europako petrolio enpresa nagusi batzuen —Royal Dutch Shell, Total, Eni eta Equinor— akzioak erosi dituela, 920 milioi euroren kostuarekin.

Estatu ekoizleak biltzeaz gain, ostiral honetan G20ko Energia ministroak ere batzartuko dira petrolioaren krisiari irtenbidea bilatzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.