PETROLIOA. LPEEk ez du petrolio kuota aldatu, ekonomia suspertzea espero baitu

Merkatua «gainezka» dagoela onartzen du kartelak, baina tunelaren amaieran «argia» ikusten hasi direla ziurtatu du

Ivan Santamaria - Joxerra Senar
2009ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Abenduan hitzartu zuen produkzioaren murrizketa bere horretan uztea erabaki du Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE). Jaitsiera horri esker, prezioen gainbehera gelditzea lortu dela ondorioztatu du energiaren kartelak, eta, merkatuan soberakinak egon arren, ekonomiaren susperraldia ez trabatzeko asmoarekin kuotak ez aldatzea deliberatu du.

Munduko ekonomian kimu berdeak ikusten dituztenen artean dago LPEEko idazkari nagusia, Abdala El-Badri. «Tunelaren amaieran dagoen argia ikusten ari gara. Ez dugu merkatuaren susperraldiaren inguruan seinale oker bat bidali nahi. Gauzak bere horretan utzi nahi ditugu». Kimu berde horiek izen eta abizenak dituzte: AEBetatik aparte, Txinan, Indian eta «Asia osoan» eskaera pizten ari dela ziurtatu zuen El-Badrik.

Halaber, krisiaren ondorioz elkarteko kideen diru sarrerak 400.000 milioi dolar gutxitu direla adierazi zuen El-Badrik, ekonomia gehiago erori ez dadin ahalegin nahikoa egin dutela iradokitzeko.

LPEEren erabakia jakinarazi bezain pronto, upelaren prezioak gora egin zuen, azken asteotako joerari jarraituz. Hala, Texas upelak 64 dolarreko muga hautsi zuen Nymex merkatuan, aspaldiko partez.

Horiek hala, Irak ez beste kide guztien artean egun bakoitzeko 24,8 milioi upel ponpatzeko hartu zen konpromisoak indarrean jarraituko du, gutxienez irailaren 9an egingo den hurrengo batzarrera arte. Iragan abenduan zehaztu zuen kuota hori LPEEk, irailetik 4,2 milioi upel- munduko ekoizpenaren %5 - merkatutik kentzea erabaki eta gero, prezioaren etenik gabeko gainbehera gelditzeko itxaropenarekin.

Iazko udan upela 150 dolar baino gehiago balio ondotik, abenduan prezioa 35 dolarrera jaitsi zen. Murrizketa indarrean sartu zenetik, ordea, kontrako bidea hartu dute salneurriek, eta 64 dolarreko marka gainditu zuen atzoBrent upelak, lehen aldiz azken sei hilabeteetan. «Etorkizunean ekonomia hobetuko dela uste dugu, eta eskaera ere bai», ziurtatu zuen Txakib Jelil Aljeriako Energia ministroak.

Salneurriek azkenaldian izandako igoera jarduera produktibo indartsuago baten seinale edo espekulazioaren ondorio den ez dute oraindik garbi ekoizleek. Edonola ere, aurrera begira upelaren balioa gutxienez 75 dolarretan finkatzeko helburu orokorrari eutsi diote. LPEEren arabera, prezio horren gainetik soilik berreskuratuko dute ponpaketa hobetzeko eta zabaltzekoeginiko inbertsioa.

Urteak aurrera egin ahala prezioa garestituko dela uste du LPEEk. Hala, urtea amaitu baino lehen upel bakoitzeko 60 eta 75 dolar bitartean ordainduko direla uste du Jelilek. Saudi Arabiako Petrolio ministro Ali Naimi bat dator iritzi horrekin.

Akordioak bete ezinik

Atzo Vienan eginiko bileran hartutako erabakiak kide guztien onespena jaso izanagatik, LPEEren barruan ere ez dira mesfidantzarako arrazoiak falta. Guztiek produkzioa murriztuko zutela hitzeman arren, benetan ez da hala gertatu. Apirileko datuen arabera, eguneko 25,8 milioi upel ponpatu zituzten, zehaztu baino milioi bat gehiago. Aurreko hilabetean baino 220.000 upel gehiago izan ziren, gainera, eta lehen produkzio igoera 2008ko uztailetik.

Batzarraren aurretik Venezuela izan zen jokabide hori gehien kritikatu zuen herrialdea, baina atzo pozik azaldu zen erabakitakoarekin. «Murrizketa osorik betetzeko konpromisoa hartu dute bazkideek», zehaztu zuen herrialde horretako Petrolio ministroak, Rafael Ramirezek.

Hitzartutako konpromisoak betetzeko zailtasuna ez da bazkideek duten arazo bakarra. Munduko ekoizpena igo zen apirilean, nahiz eta oraindik gordailuak handiak izan. LPEEren arabera, biltegietan zegoen petrolioa murriztu bada ere, oraindik inoizko errekorretik gertu dago oraindik.



Espainiako urte arteko KPIa %0,8 jaitsi zen maiatzean

Atzo INEk kaleratu zuen Espainiako urte arteko KPI harmonizatua %0,8 jaitsi zela iaz. Hego Euskal Herriko datuak bi aste barru iritsiko dira. Gidarien poltsikoek nabarituko badute ere, testuinguru honetan, petrolioak gora egiteak ez du kalterik eragingo, deflazioan erortzeko aukera urrunduko duelako.



99'5

Gasolinaren prezioa, gora. Petrolioaren prezioa igotzen hasi da, eta gauza bera gertatzen ari da gasolinarekin. Maiatzean, esaterako, gasolina litroak 99,5 zentimo balio zuen Hegoaldean, batez beste. Urtarrilarekin alderatuz gero, %17 garestiagoa da. Edonola ere, duela urtebete baino %15 merkeagoa da oraindik ere gasolina. Urtarriletik aurrera hamabost zentimo igo da litroa. Gasolioan, aldiz, igoera oso apala izan da. Iragan urteko maiatzean baino ia 40 zentimo gutxiago balio du litroak: 86,7 zentimo (%30eko jaitsieraa). Martxotik, dena den, lau zentimo egin du gora. Iparraldean ere gora egiteko joerari heldu diote gasolinak eta gasolioak azken hilabeteotan. Gasolinari dagokionez, 1,2 euroko muga gainditu du dagoeneko-Frantziako batez bestekoa da-, eta urtarrilean baino %13 garestiagoa da, nahiz eta iazko maiatzarekin alderatuz, oraindik hogei zentimo merkeagoa izan. Gasolio litroaren truke, halaber, martxoan baino hiru zentimo gehiago ordaindu behar dira (97,4). Hala ere, iaz baino %30 merkeago dago.



117.000

Negoziorik errentagarriena. Iazko uztailetik abendura arteko prezioen beherakadak ezin du inor engainatu. Krisirik ez dago petrolio konpainia handientzat. Shellek, British Petroleumek, Chevronek eta Exxon Mobilek batera iaz 117.000 milioi dolar irabazi zituzten.



AEBen erreserbak espero baino gehiago gutxitu dira

Petrolioa merkatu den garai hori erreserbak handitzeko baliatu dituzte herrialdeek. Haatik, azken hilabetean erreserbak gutxitu dira. Atzo, AEBek jakinarazi zuten aurreko astean biltegietatik 5,4 milioi upel kontsumitu zituztela, adituek espero baino gehiago. Albisteak petrolioaren prezioa gorantz bultzatu zuen.



«Eskaera AEBetan igo da, baina, are garrantzitsuago, Txinan, Indian eta Asia osoan ere eskaera dago»

ABDALA EL-BADRI
LPEEko idazkari nagusia
Krisi ekonomikoak barealdia eskaini die petrolio arloko egiturazko arazoei. Egun munduan iaz baino hiru milioi upel gutxiago kontsumitzen badira ere, ekoizleek %21 murriztu dituzte aurrez iragarritako inbertsioak.

Krisi ondoren, petrolio garestia

Joxerra Senar.

Ia hamaika hilabete iragan dira petrolioainoizko preziorik handienera iritsi zenetik. Iruindarrak iazko sanferminetan murgilduta zirenean, uztailaren 11n, Brent petrolio upela 148 dolarrera ailegatu zen Londresko merkatuan. Poztasun gutxi gidarientzat, gasolina eta gasolio litroa 1,3 eurotan salerosten zelako batez beste iazko uztail hartan. Uztailetik urte amaiera bitartean, ordea, inoizko prezio handienari 150 urtean inoiz ikusi gabeko prezio jaitsiera handienak jarraitu zion. Espekulatzaileek elikatutako burbuila lehertu zuen krisiak, eta urre beltz garestiaren mamua ahanzturaren kutxan sartu zen.

Prezioak hain azkar eta hainbeste jaisteak neurri handi batean munduko petrolio kontsumoaren beherakadak eragin zuen: joera aldaketa iazko apirilean hasi zen, baina batez ere iragan urtarrilean egin zuen nabarmen behera petrolio kontsumoak: 2008aren hasieran, munduan egunean 86,9 milioi upel kontsumitzen ziren, eta 85 milioira egin zuen behera iazko azken hiruhilekoan, eta urtarriletik martxora bitartean 83,75 milioi upelera jaitsi zen. Urte baten buruan, beraz, egunean hiru milioi pasa upel gutxiago kontsumitzen ditu munduak. Alde hori handia da: petrolio sektoreak hiru urte atzera egin eta 2005eko kontsumo mailara itzuli izan balitz bezala.

IEA Nazioarteko Energia Agentziak aurreikusten du aurten kontsumoaren beherakadak, apal bada ere, bere horretan jarraituko duela. Iragarpen hori betetzen bada, horrek esan nahiko luke bi urtez jarraian petrolio eskariak behera egingo duela eta hori ez zen 80ko hamarkada hasieratik gertatzen. Ekuazioak argi erakusten du krisiak iraun bitartean kontsumoa jaitsi egingo dela edomaila horretan eutsiko diola.

Teorian, beraz, petrolioak merke jarraitu beharko luke. Hala ere, azken hiru hilabeteetan kontrako joera hartu du berriro. Uztaileko marka historikotik urrun jarraitzen du egun, baina pixkanaka prezioek gorantz egin dute. Otsailaren hasieran, 40 dolarren mugan zegoen, eta orain, berriz, 64 dolarren eremuan dabil.

Burbuilaren lehertzeak ez ditu petrolio arloak lehendik zituen egiturazko arazoak desagerrarazi. Gehienez ere su-etena eskaini dio sektoreari. Azken 30urteetan kontsumoak etengabe egin du gora: azken hamarkadan, adibidez, %16 handitu da eskaria, eta 1998an baino 12 milioi upel gehiago kontsumitzen ziren iaz munduan. Eskariaren igoera horri erantzun bat emateko, industriak gero eta petrolio gehiago behar du, baina hobi berriak topatzeaeta ustiatzea gero eta zailagoa eta garestiagoa da. Besteak beste, itsaso sakonean aurkitzen direlako, eta horren ustiaketak inbertsio handiak eskatzen dituelako.

Haatik, bat-bateko prezioen beherakadak zeharkako ondorio bat izan du, eta azken urteetan dirutzak irabazi dituzten enpresek eta herrialde ekoizleek inbertsioen iturria moztu dute. Iazko datuekin alderatuta, IEAk kalkulatu du petrolio eta gas proiektuek %21eko inbertsio murrizketa izan dutela. Orotara, 100.000 milioi dolarreko murrizketa.

Une txarrean dator. Kontsumoak behera egin badu ere, erritmo horri eusteko inbertsioak handitzea behar baitu munduak. Are gehiago kontuan hartuz gero, egun munduan hamar petrolio hobitik bat gain behera dagoela. Horren inguruko datu zehatzik ez badago ere, IEAk kalkulatu du gain behera dauden petrolio eremuok egunean 11 milioi upeleko ahalmena dutela. IEAk gaineratzen du gehiago ere izan daitezkeela, Errusia eta halako herrialdeen daturik ez baitu.

Epe ertainera, hortaz, produkzio hori ordezkatuko dituzten proiektu berriak behar ditu munduak, urre beltza orain bezala kontsumitzen jarraitu nahi bada behinik behin. Horregatik, Saudi Arabiak asteon iragarri du inbertsioak handitu ezean hiru urteren buruan berriro ere 150 dolarreko petrolio upela ezagutuko duela munduak.

Krisiak arnasa eman badu ere, susperraldia itzultzen denean, berriro ere kalearen bestaldean petrolio garestiaren mamua zain izango dela ematen du.



Inbertsioa gutxitu

65

Gelditu edo atzeratutako proiektuak. IEAren arabera, urria eta apirila artean 20 petrolio eta gas proiektu -egunean bi milioi upel ekoizteko ahalmena zutenak- erabat gelditu egin ziren finantzaketa arazoen ondorioz. Beste 45 egitasmo -4,5 milioi upel ekoizteko ahalmena zutenak- urte eta erdi atzeratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.