Urte hasieratik %40 garestitu da petrolioa eta 2003ko urria hartzen badugu erreferentziatzat, garestitzea %115ekoa izan da. Amaitu den astea ikusita, gainera, badirudi garestitze horrek ez duela etenik, egunero egunero bere inoizko prezio handiena behin eta berriz gainditu baitute petrolio upel mota guztiek. Bost egunen buruan, Europan erreferentziatzat hartzen den Ipar Itsasoko Brent upela %9,5 garestiago salerosi da Londresen. Atzo Brent upelak66,45 dolarrean itxi zuen eguna, eta New Yorken, Texas upelak 66,80 dolarrean.
Inoizko prezio handienetan egon arren, inflazioa kontutan hartuta, petrolioaren prezioa ez da iritsi 1980 eta 1981eko krisiko mailetara. Baina garestitzearen konponbideak ez dirudi erraza. Eskaria handitzen ari den artean, eskaintza ez da hein berean hazten. Eta, eskaintza handitzeko, ekoizleek denbora asko eta inbertsio handiak behar dituzte. Egoera horretan, egungo eskaintza oztopa dezakeen edozein gertakarik arazo larriak eragingo lituzke, petrolioaren prezioa izugarri igoko lukeelako. Horregatik, Iranekin gerta daitekeenari buruzko kezkek eragin zuzena izan dute aste honetan petrolio merkatuetan. Tartean findegien zahartzeak ere murriztu egin du erregai eskaintza eta egoera larriagotu du.LPEEk agindu du bere ekoizpena handituko duela, eguneko 30,4 milioi upeleraino. Baina, ez dago argi kartelak baduen hortik gora egiteko nahikoa ekoizpen gaitasunik. Gainera, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundetik kanpora dauden herrialdeek, Norvegia eta Mexiko besteak beste, aurreikusi baino 200.000 upel gutxiago ekoitziko dituztela jakinarazi du Nazioarteko Energia Agentziak. Petrolioaren garestitzea jada hasi dira nabaritzen herrialde kontsumitzaileak. Atzo ezagutarazi zen AEBetako merkataritza defizita ikusgarria are gehiago handitu zela ekainean, petrolioaren prezioaren eraginez. Adituek 57.300 milioi dolarreko defizita iragarri zuten, baina behin-betiko datuaren arabera, AEBek 58.800 milioi gutxiago esportatu zuten inportatu zuena baino. Esportazioak handitu egin zituzten bai, 106.800 milioi dolarreraino, baina inportazioen balioa gehiago handitu zen, 165.600 milioietaraino. John Snow AEBetako Altxorreko idazkariak aitortu du bigarren hiruhilekoan hazkunde ekonomikoa %3,7koa izan daitekeela petrolioaren erruz, eta ez espero zuten %4koa.
PETROLIOA. Petrolioaren prezioak ez du goia jo oraindik
Brent upelak 66 dolarreko muga gainditu zuen atzo, eta Texas upela dolar bat garestitu da zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu