Petrolioa inoiz baino garestiago dago, baina, inflazioa kontuan hartuz gero, upelak ez du oraindik bere historiako balio handiena iritsi. Haren salneurriak balio nominaletan 66 dolar gainditu baditu ere, termino errealetan 1980 eta 1981 urteetako 80 dolarren azpitik dago oraindik.
Horrek esplikatuko luke urte hasieratik honako garestitze ikusgarriak oraindik ondorio nabarmenik ez izatea herritarren poltsikoetan; edo behintzat kaltea leunagoa izatea. Erregaiak garestitu dira, bai; baina, ez orduan adina. Hobeto ulertzeko, hartu kontuan 1980an zenbatekoa zen batez besteko soldata Euskal Herrian eta zenbatekoa den orain; zenbatean ordaintzen zen ogi bat orduan eta zenbatean orain. Erregaien garestitzea ez da, gainera, ordukoa bezain ustekabekoa izan. Hala ere, petrolioaren egungo prezio errealak gainditu ditu Jom Kipurreko gerra garaiko energia krisian iritsitako salneurri garestiak. Egia da herrialde aberatsenek orduan baino modu eraginkorragoan erabiltzen dituztela petrolioaren deribatuak baina, upelaren prezioa, garestitzearen garestitzez, noraino iritsiko da? Non joko du goia?
100 dolarreraino?
Adituek jada iragarri zuten petrolio upela 70 dolarreko salneurrira ailega zitekeela eta datorren urtean 75 dolarren inguruan ibiliko dela diote askok. Joan zen martxoan ohartarazi zuen Goldman Sachs inbertsio bankuak upela 100 edo 105 dolarreraino iritsi daitekeela.
Oraingoz, Europako erreferentzia den Ipar Itsasoko Brent upela 66,45 dolarrean salerosi zen ostiralean Londresko merkatuko itxieran. West Texas upelak, berriz, 67,10 dolarreko muga iritsi zuen, baina itxieran 66,80 dolarrera apaldu zen. Prezio horiek irailean entregatzeko upelenak dira. Azaroan, abenduan eta urtarrilean entregatzekoak 68 dolarrean salerosi ziren ostiralean, eta horrek, epe laburrean behintzat prezioen gorakada etetea zaila izango dela erakusten dute. Izan ere, hainbat aldagai batu dira azkenaldian petrolioa garestitzeko. Arazo batzuk abagunearen araberakoak dira, besteak egiturazkoak. Fahd erregearen heriotzaren inguruan Saudi Arabiak jasotako mehatxuek eta Iranen, bere programa nuklearrarengatik, gatazka pitz daitekeenaren beldurrak hornikuntzari buruzko kezka eragin dute. Mexikoko Golkoko urakan eta ekaitz tropikalak, AEBetako zenbait findegitako matxurek... petrolio merkatuetan aldakortasuna biziagotu dute. Egiturazko arazoak dira, ordea, larrienak. Eperako salerosketarako diren heinean, petrolio merkatuek espekulazioa ia saihestezina dute, eta badago hor petrolioaren garestitzearen eragileetako bat. Oinarri-oinarrian, hala ere, eskariaren eta eskaintzaren arteko aldean dago petrolioaren prezioaren bilakaeraren arrazoi nagusia. Txina eta Indiaren hazkunde ekonomikoak munduaren petrolio egarria ikusgarri handitu du azkenaldian. Dena den, Txinak baino askoz ere egarri handiagoa dute AEBek. Petrolio kontsumitzaile handienak, alde handiz, Ipar Amerikan daude. Kontua da petrolio eskaintza, ekoizpena, azken urteetan hazi hazi dela, baina ez dela eskaria bezainbeste handitu. Erreserbak egon badaude, baina herrialde ekoizle gehienak euren gaitasun osoan ari dira petrolioa ekoizten. 90eko hamarkadako prezio txikiekin ekoizleek ez omen zuten azpiegituretan beharbesteko inbertsiorik egin produkzioa handitzeko. Badirudi, esaterako, LPEEn Saudi Arabiak soilik lukeela egunean milioi bat-bi milioi upel gehiago ekoizteko ahalmena.Baina Saudi Arabiako petrolioa ez da kalitate handienekoa, alegia findegietan lan gehiago ematen duela.Eta, hor, findegietan dago eskaintzaren egiturazko arazoaren beste aurpegi bat. Nolatan Illinoiseko findegi baten matxurak garestitu dezake hainbeste petrolioa? Mendebaldeko herrialdeetan findegien ekoizpen ahalmena ere goia jotzear dagoelako, eta matxura batek hori agerian uzten duelako. Findegien ahalmena ere ez da eskaria bezainbeste handitu. Eskariak behera egiten ez duen artean, eskaintza handitzeak denbora eta dirutza beharko du. Eta bitartean, zaila izango da petrolioa merketzea. Gutxienez 2006ra arte, petrolioak garesti ordainduko da.
PETROLIOA
Petrolioaren salneurriaren goia 70 dolarretik gora omen dago
Ikusgarri handitu den eskariak behera egin artean, denbora eta dirutza beharko dira eskaintza handitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu