Petronorrek aldi baterako erregulazioan sartuko ditu Muskizen (Bizkaia) duen findegiko langileen herenak. Pandemiaren eraginez, ekoizpena jaitsi behar izan du, eta horri erantzunez hartuko du neurria. Muskizen 900 langile inguru daude, eta, orain, langile batzordearekin negoziatzen hasi behar dute nola aplikatu neurri hori. Hasiera batean abenduaren 31ra arteko iraupena iragarri dute, baina merkatuaren gorabeheren arabera alda dezakete.
Petronorrek ohar bidez azaldu duenez, azken 271 egunetan ekoizpen ahalmenaren %60an aritu da lanean pandemiaren ondorioz. Enpresak lantalde osoari eutsi dio tarte horretan, baina egoera hori ez da «jasangarria luzera begira». Gauzak hala, neurriak 300 bat langileri eragingo die. Enpresak ez du zehaztu jardunaldi osoko erregulazioa izango den, baina litekeena da hala izatea. Horiei azpikontrataturiko zerbitzu eta antzekoetako langileak gehitu behar zaizkie, Petronorrek berak emandako datuen arabera beste 6.200 lanpostu sortzen baititu zeharka.