Deskargen aurkako legea

Petronorrek Muskizen jarraituko du beste 40 urtez

Enpresak oraingo leku berean jarraituko duela espreski jasoko du Ekonomia Iraunkorraren Legeak

Petronorrek Muskizen dituen instalazioak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Petronorrek beste 40 urtez Muskizen jarraitzeko baimena lortu du. Ekonomia Iraunkorraren Legea onartzeko EAJk jarritako baldintzetako bat hori izan zen. Eta PSOEk baiezkoa eman behar izan zion. Hala, legea onartzean automatikoki berrituko da Petronorren baimena ere.

EAJ oso pozik azaldu zen lortutako akordioarekin. Pedro Azpiazu ekonomia arloko eledunaren arabera, «Petronor oso enpresa garrantzitsua da herrialde honetako ekonomiarentzat». Zuzenean 950 laguni ematen die lana eta beste 6.000 laguni baino gehiagori zeharka. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen artean zergetan diru gehien uzten duen enpresa da gainera. 2009an, esaterako, 320 milioi euro pagatu zituen.

Horiek hala, Azpiazuren esanetan, «ekonomikoki ez litzateke bideragarria beste leku batera eramatea». Petronorrek urteotan guztietan inbertsio handiak egin ditu bere azpiegiturak eraikitzeko. Jarduera egoki garatu ahal izateko, egun kokaleku dituen lurrak erabat moldatu behar izan ditu azken 40 urteotan. Beraz, EAJk hala eskatuta, Ekonomia Iraunkorraren Legeak espreski jaso beharko datozen 40 urteetan ere oraingo leku berean jarraituko duela enpresak.

Beste akordio batzuk

Petronorrek Muskizen jarraitzeko baimena luzatzeaz gain, beste akordio batzuk egitea ere erdietsi zuen EAJk. Ekonomia Iraunkorraren Legeak egungo eskuduntzen markoa goitik behera errespetatuko duela dio neurri horietako batek. Azpiazuren esanetan, legeak elkarren artean oso desberdinak diren gaiak jorratzen ditu. Horregatik nahi izan du EAJk egungo eskuduntzen markoa errespetatzeko konpromisoa jasotzea.

Organo arautzaileetan parte hartuko duten kide kopurua handitzeko akordioa egitea ere lortu du EAJk. Espainiako Gobernuaren proposamenak zioen bost kidez osatuko zirela organo horiek. EAJk kopurua zazpi kidera handitzeko eskatu dio, eta azkenean hala hitzartu dutela. Horrela, Energiaren Batzorde Nazionalean, Telekomunikazioen Batzorde Nazionalean eta Posta Kontseiluan hiru kide izango dituEAJk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.