Lan gatazka

Petronorreko langileek greba egingo dute igandean

Sindikatuek salatu dute langile batzuk aldi baterako erregulazioan dauden bitartean beste batzuk aparteko ordu asko egiten ari direla

Petronorreko langileen protesta ekintza bat. DAVID AGUILAR / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 9a
12:56
Entzun

Ez da giro Petronorren, eta ez dirudi hurrengo egunetan baretuko denik. Muskizko (Bizkaia) plantako langileek greba deialdia egin dute iganderako, Petronor arraun bandera jokatuko den egunean. Langile batzordeak hilabeteak daramatza enpresak maiatzaren 3an onartu zuen aldi baterako erregulazioaren aurka mobilizatzen, eta orain berriz ere joko du lanuzteetara. Salatu du langile batzuk erregulazioaren eraginez etxean dauden bitartean –354, lantalde osoaren heren bat– beste batzuk aparteko ordu asko egiten ari direla. Batzordearen kalkuluen arabera, maiatzean 11.500 aparteko lan ordu egin ziren, eta, hala ere, hainbat lan egiteko gelditu ziren.

Petronorreko langile batzordearen ustez, enpresak onartua duen aldi baterako erregulazioak ez du zentzurik, eta bertan behera utz dezala eskatu diote zuzendaritzari. Salatzen dutenez, mantenu lan asko pilatzen ari dira. Besteak beste, erregulazioaren erruz, findegiko ekoizpen unitate batzuk zaintzarik gabe daude, eta segurtasun ikuskapen batzuk atzeratzen ari dira. Egoera hori «oso larria» dela uste dute, eta lan ikuskaritzari jakinarazi diote.

Egoera ikusita, langileen ustez, erregulazioaren atzean erabaki politikoak daude, lan baldintzak prekarizatzea bilatzen dutenak, eta horregatik egin dute greba deialdia iganderako. Enpresaren ikuskera, baina, oso ezberdina da, eta ostegunean publiko eginiko ohar batean esan zuen gaur-gaurkoz «ezinezkoa» dela erregulazioa noiz bukatuko duen zehaztea. Abenduaren 31ra arteko baimena eskatua du, baina erregaien merkatua «aurrekora» itzuli arte luzatuko dute. Enpresaren arabera, findegia bere ahalaren %60an ari da lanean.

Petronorreko langileek ekainaren erdialdera egin zuten azken grebaldia, eta istiluak egon ziren findegiko atean. Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta langile bat atxilotu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.