ekoNOMIA

Piratek Bermeoko atunontzi bat bahitu dute Indiako Ozeanoan

'Alakrana'-ren aurka egin dute gaur, 5:30ean, eta Eusko Jaurlaritzak eguerdian jakinarazi du bahiketa izan dela. Duela hilabete ihes egin zuen beste eraso batetik. 36 lagunek osatzen dute Echebastar Fleet enpresako tripulazioa. EAJk Espainiako Defentsa ministroa kritikatu du, armada ez bidaltzeagatik Indiako Ozeanora. Bermeoko Udalak "erantzukizun politikoa" eskatu die Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari.

2009ko urriaren 2a
18:56
Entzun
Alakrana Bermeoko atunontziak (Bizkaia) piraten erasoa jaso du gaur Indiako Ozeanoan, 5:30ean, eta Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak 12:30ean adierazi du "bahitu" egin dutela.

Alakrana-ren enpresako beste ontzi bateko kideek eman dute erasoaren berri lehendabizi -Alakrantxu-koek-, eta geroztik ez da izan hari buruzko informaziorik, Echebastar Fleet enpresaren arabera -horkoa da atunontzia-. Echebastar Fleeteko zuzendaritza Kenyara bidean da, Nairobira, Espainiako enbaxadara.



36 lagunek osatzen dute Alakrana-ko tripulazioa -zortzi dira euskal herritarrak-, eta abuztuaren 31n hasi zuten Indiako Ozeanoan kanpaina.

Europako Batasunak ontziak bidaliak ditu alde hartara -Somaliako uretara, batik bat-, arrantzaleak defenditzeko asmoz. Josu Erkoreka EAJko parlamentariak Carme Chacon Espainiako Gobernuko Defentsa ministroari kritika egin dio gaur, Espainiak ez duelako bidali armada Indiako Ozeanora. "Ez dago eskubiderik! Arrantzaleak Somaliako uretan bizitza jokatzen ari dira, eta Defentsa ministroa, berriz, Kongresuan bozketak ez galtzera dabil. Oso kezkatuta gaude", adierazi du Erkorekak.

EAJk irailaren 22an Espainiako armada Indiako Ozeanora bidaltzeko proposamena egin zuen, baina Kongresuak atzera bota zuen. PP, CiU, BNG eta EAJ bera azaldu ziren alde, PSOE, ERC, IU, ICV eta UPD aurka.

Xabier Legarreta Bermeoko alkateak "erantzukizun politikoa" eskatu die Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari.

Irailaren 4an piratak Alakrana-ri berari eraso egiten saiatu ziren, Somaliako kostaldetik 495 miliara, baina honek ihes egitea lortu zuen. Bermeoko atunontziaren patroiak aitortu zuenez, sarea jaso izanak lagundu zien piratak saihesten, baita eguraldi txarrak ere. "Sarea uretan dagoenean ezin da maniobrarik egin", zioen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.